Abenduaren amaieran, EITBko zuzendaritzak Nagore de los Rios izendatu zuen EITBren Social Media eta Eitb.eus webgunerako zuzendari —webgunea berritzen ari dira—. EITBko sare sozialen estrategia garatzeaz eta sorkuntza berrien webguneak kudeatzeaz arduratuko da De los Rios. Bada, izendapen hori gogor kritikatu dute EITBko erredakzio kontseiluek. «Pertsona ez-euskaldun bat izendatu dute EITBren sare sozialetako estrategiaren eta jaiotzear den EITBren webgune berria martxan jartzearen arduradun», diote oharrean Eitb.eus-eko, ETBko Euskadi Irratiko, Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako erredakzio kontseiluek.
EITBren erredakzio kontseiluek agerian utzi nahi izan dute beren «ezinegona». Zuzendaritzak hartutako erabaki «oker eta onartezin» horren harira, kezka azaldu dute langileak ordezkatzen dituzten kontseiluek. «Hautagaiak ez du postuari dagokion hizkuntza eskakizuna (C1) baieztatu, eta, ondorioz, hautagaitza horrek hasieratik beharko luke baztertuta, profesional horrek ezin baitie erantzun lanpostuak dituen erronkei». Lanean hasita dago De Los Rios, eta EITBko erredakzio kontseiluen arabera, egun gutxi batzuk nahikoa izan dira izendapen horren ondorioak jasaten hasteko, langileek berarekin izan dituzten bilera eta lan harreman guztiak gaztelania hutsean izan baitira. «Non eta Euskal Irrati Telebistan, etxe barruan zein kanpoan euskara sustatzea ardatz duen hedabidean. EITBko langile eta euskal herritar bezala, gure hizkuntza eskubideak urratu zaizkigula salatzen dugu, eta, erabakiaren aurrean gure haserrea adieraztearekin batera, erabakian atzera egitea eskatzen dugu».
EITBko erredakzio kontseilua ez dago ados «euskara baztertzen duten erabakiekin». Horrekin batera, esan dute hizkuntza eskubideak bermatzearen alde egiten jarraituko dutela.
LAB eta ELA
LAB sindikatua izan zen lehena salatzen EITBk arlo digitaleko zuzendari erdaldun bat izendatu zuela, abenduaren amaieran. Sindikatuak adierazi zuen erabaki horrekin EITBk euskaldunak «gutxiesten» dituela, eta izendapena euskararen aurkako «eraso larri bat» dela: «ETB osoko langileen hizkuntza eskubideak bakarrik ez, euskal gizarte osoarenak urratu dira».
Bestalde, duela egun gutxi, ELAk zuzendaritzari eskatu dio aztertzeko Nagore de los Rios Eitb.eus eta Social Mediako zuzendari berriak lanpostuaren hizkuntza eskakizuna betetzen duen. Hala, ELAk nahi du arduradun berriak lanpostuari dagozkion hizkuntza irizpideak bete ezean izendapen hori atzera botatzea; «baita beste hautaketa bat egitea ere, arduradun berriak postuaren eskakizun guztiak bete ditzan».
Nagore de los Rios (Bilbo, 1977) kazetaria eta big datan aditua da, COPE eta SER irratietan egin du lan, eta PSE-EEren komunikazio zuzendaria izan zen; Patxi Lopez sozialista Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzara eraman zuen kanpaina zuzendu zuen. Azkeneko urteetan, Errioxako Gobernuko (Espainia) komunikazio zuzendaria izan da.
Aldatu Gidoia mugimenduak ere kritikatu du EITBko arlo digitaleko zuzendaria euskaraz ez dakien norbait izatea.
#AldatuGidoia|k ere salatzen du EITBn arlo digitaleko zuzendari euskaraz ez dakiena jartzea. Euskararen normalizazioan eredu den #EITB behar dugu. Euskaraz lan egiten duen eta bizi den #EITB. Barne eta kanpo harremanetan guztiak euskaraz jarriko dituena.https://t.co/4MRHXHhjLG
— Aldatu Gidoia (@AldatuGidoia) January 17, 2025