Azken udal eta foru hauteskundeetan aldaketa historikoa gertatu zen Nafarroako instituzioetan. Aldaketa egarriz zen gizartea, eta hori islatu zuten hauteskunde emaitzek. Agerikoak dira hainbat arlotan izan diren aldaketak. Ostegunean, kasurako, Nafarroaren eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dira ofizialki Nafarroa Garaian, lehenengoz. Egun horien harira, Labrit Multimediak ekoiztutako Nafarroaren garaia izeneko erreportajea emango dute ostegunean, ETB1en. 23:30ean izango da saioa.
«Gobernu aldaketarekin, hezkuntzaren eta euskararen arloan aldaketak espero dira. Hain zuzen, euskaran eta hezkuntzan etor daitezkeen aldaketa horiek ardatz garrantzitsua dira saioan, eta sakon aztertzen dira», zehaztu du Gaizka Aranguren Labrit Multimediako zuzendariak.
Nafarroako aldaketa politikoa ardatz zuen beste saio bat eskaini zuten urrian ETB2n: Navarra: 100 días de cambio. Lehen saioaren ildokoa da hau ere, baina hura «politiko instituzionala» zela eta hau «sozio kulturalagoa» dela nabarmendu du zuzendariak: «Aintzat hartu dugu euskaldunengana joko dugula, eta haientzako interesgarriagoak diren gaietan sakontzera bultzatu gaitu horrek».
Hala, euskara eta hezkuntza arloan egitekoak diren aldaketen inguruan luze eta zabal hausnartuko dute erreportajean. Horretarako, gaiaren inguruan askotariko iritziak bildu ditu Juan Kruz Lakasta kazetariak; Lakasta da saioaren gidaria eta elkarrizketak bideratu dituena.
Nafarroa Garaiko gizartea oso plurala da. Aniztasunaren zurrunbiloan jiraka eta bueltaka ibili da Lakasta kazetaria; aniztasunaren sokan dantzan jarri ditu Nafarroako hainbat pertsona eta eragile, aniztasunaren elkarbizitza posible ote den aztertzeko. Kazetariaren galderei erantzun diete, besteak beste: Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak; Cristina Altuna UPNko legebiltzarkideak; Mikel Arregi Euskarabideko zuzendariak; Maite Inda Kontseiluko ordezkariak; Juan Carlos Laboreo AFAPNAko presidenteak; Ainhoa Aznarez Nafarroako Legebiltzarreko presidenteak eta Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilariak.
«Kolore guztietako paraje eta pertsonek» osatzen dute, ordea, Nafarroa Garaia, eta denek dute esateko zerbait. Hala, Lakastarekin bildu dira Oihaneder Indakoetxea, Koldo Leoz, Arturo Goldarazeba eta Eneko Larrarte ere, Barañain, Lizarra, Tafalla eta Tuterako alkateak, hurrenez hurren. Eta instituzioetatik kanpo, euren iritzia eman dute Lodosako taxilari batek, foruzainek, Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslariak eta Patxi Huarte Zaldieroa eta Cesar Oroz marrazkilariek.
Euskara egarria duen gizartea eta inposiziotzat hartzen duen gizartea aurrez aurre jarri ditu, beraz, Lakastak.
Bildutako hitzek eta iritziek nabarmen utziko dute oso plurala dela Nafarroa. Aniztasun hori gobernatzeko modukoa ote den ezbaian jarriko du erreportajeak. Eta hamaika galderaren inguruko gogoeta sortu da erreportajearen amaieran: Nafarroa Garaiko biztanle horientzat guztientzat gobernatzea posible ote da? Posible ote da guztiak pozik egoteko moduko kudeaketa? Aldaketa irauteko etorri bada, zein da gakoa? Ba ote du etorkizunik gobernu berriak? Azken galdera horri lau hitzetan erantzun dio Urbizu abeslariak erreportajean: «Denbora da poligrafo bakarra».
'Nafarroaren garaia' saioa emango dute ETB1en ostegun honetan
Nafarroaren eta Euskararen eguna ditu ardatz saioak.Kolore askotako iritziak bildu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu