Nafarroarako plataforma bat egin daitekeen beha hasi dira

Napar elkarteak txosten bat egin du, foru gobernuak eskatuta. Ontzat jo du lehengo eta oraingo edukiak zabaltzeko plataforma bat

Gaur egungo testuinguruan, Napar elkarteak uste du Nafarroarako plataforma bat garrantzitsua litzatekeela. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroak streaming plataforma propio bat izan al dezake? Administrazio publikoa erantzunaren bila hasi da. Nafarroako Gobernuaren koalizio akordio programatikoan jaso zuten txosten bat egin behar zela, aztertzeko ikus-entzunezko edukiak zabaltzeko ente publiko bat egin daitekeen. Napar Nafarroako ekoizleen elkarteari enkargua egin zion gobernuko komunikazio departamentuak, eta elkarteak azterketa sakon bat egin du, aukera jakin batzuk aurkezturik.

Aukeren artean dago OTT edo streaming plataforma bat sortzea. Gaizka Aranguren Napar elkarteko presidenteak azaldu duenez, beste aukera bat litzateke foru administrazioaren telebista publiko bat sortzea. «Hori sortuz gero, Navarra Television katearen seinalearekin egitea ala ez egitea aukera daiteke. Halaber, Interneteko atarian sar litezke beste telebista batzuen webguneak: Xaloa telebista, Hamaika, Navarra Television bera...».

Egitura berria ez da berehala sortuko. Abenduan, Nafarroako Parlamentuak partida bat onartu zuen —sinbolikoa da diruz—, jasotzen duena 2022. urtean bideragarritasun txosten bat egin beharko dela ikus-entzunezko egitura berriari begira —Navarra Sumak izan ezik, alderdi guztiek jo zuten ontzat partida onartzea—. Eta, orain, Nafarroako Gobernuak beste txosten hori nork egingo duen erabaki behar du.

Sektorea indartzeko

Naparrek gobernuari aurkeztutako txostenak telebista eta ikus-entzunezko sektorearen azterketa egiten du, eta aldameneko herrien egiturak begiratzen ditu.

Arangurenek azaldu duenez, txostenak zera uzten du agerian: «Nafarroak ezinbertzekoa duela hurbileko ikus-entzunezko edukiak hedatu ahal izateko halako gordagailu bat sortzea. OTT plataforma batek ahalbidetuko luke dagoeneko urteetan egin diren lanak eta zabaldu ezinik kaxoietan gelditu direnak —foru administrazioarenak asko— barreiatzea». Naparreko presidenteari iruditzen zaio Interneteko gordelekuan eduki zaharrak sar daitezkeela doan ikusteko, eta egun egiten direnak zabaltzeko ere baliagarria litzatekeela plataforma. «Bestetik, Nafarroan ikus-entzunezkoen sektoreak ez du izan traktore lanak egiten lagunduko liokeen difusio egitura bat orain arte. Beste herrialde askok badituzte halakoak. Plataforma batek sektorea indartzen lagunduko luke, halako egitura bat elikatu egin behar baita».

Balizko proiektua aurrera eramateko, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko akordioak egon daitezkeela uste du Arangurenek. «Posible ikusten dugu; harremanak onak dira».

Bestelako akordioak ere egin ahalko lituzke Nafarroako plataformak: adibidez, EITBrekin eta aurten talde horrek sortuko duen Primeran plataformarekin. Ez da ahaztu behar Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren akordioen arabera, EITB Nafarroan ikus daitekeen moduan, Nafarroako ikus-entzunezko egiturapubliko bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikusteko modua egin beharko lukeetela.

Hainbat arrazoirengatik izan daiteke plataforma bat garrantzitsua Nafarroarentzat, Arangurenen arabera. «Pantailetara eramaten ez badira Nafarroako iruditeriaren parte diren erreferentziak eta osagaiak, eta Nafarroako administrazio publikoak egiten ez badu, nork egingo du? Inork ez».

Euskarazko edukientzat ere interesgarria litzateke egitura berria. Txostenean jasotzen da hurbileko edukiek eskatzen dutenaren araberakoa izango dela euskararen presentzia «behar bezainbeste». Arangurenek argitu du balizko plataforma berrian eduki guztiak leudekeela ele biz. «Jatorriz euskarazkoak zenbat izan behar duten erabaki beharko da, eta kuotak ezar daitezke hor». Erabaki politikoak leudeke tartean hori erabakitzerakoan.

Txostenak jasotzen du streaming plataforma bat Nafarroarako egitea ez litzatekeela garestia. «Espainiako erkidegoetako telebista merkeenaren erdia litzateke ataria sortu eta sistematikoki edukiz hornitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.