Nafarroako aldaketa politikoari buruzko saio berezia gaur ETB2n

Juan Kruz Lakasta da 'Navarra: 100 días de cambio'-ko gidaria.Labrit Multimediak ekoitzi du

Juan Kruz Lakasta, Miguel Sanz, Juan Jose Lizarbe, Patxi Zabaleta eta Juan Cruz Alli, mahai berean. LABRIT MULTIMEDIA.
urtzi urkizu
2015eko urriaren 30a
00:00
Entzun
«Aldaketak Nafarroan aurpegi asko ditu. Haiekin hitz egin nahi dugu, eta aldaketaren aldeko eta kontrako argudioengatik galdetu». Juan Kruz Lakasta kazetariaren hitz horiekin hasten da Navarra: 100 días de cambio erreportaje berezia. Gaur estreinatuko du ETB2 kateak, 22:15ean. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernu berriak ehun egun bete dituen egunean. Iruñerrian LTD bidez ETB ikusten hasi den aste berean.

Labrit Multimedia ekoizpen etxeak egin du saioa, eta Gaizka Arangurenek zuzendu du. Errealizazioaz Iñaki Alforja arduratu da. Gidoilari taldean, bestalde, Nafarroako gaurkotasun politikoa gertutik jarraitzen duen kazetari batek parte hartu du: Ibai Fernandezek.

Aldaketa politiko eta sozialaren gakoak bilatze horretan, saioko taldeak solasaldi oso berezi bat grabatzea lortu zuen: mahai berean bildu zituen Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia, Patxi Zabaleta Aralarreko sortzailea, Juan Cruz Alli Nafarroako Gobernuko presidente ohia eta Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramaile ohia. Medikuen Elkargoan aritu ziren solasean, Lakastaren galderei erantzuten. «Botoa sekretua da, baina ni aldaketaren alde nago», esan zuen Allik.

CAN auziari buruzko solasaldi interesgarri bat ere grabatu zuen lantaldeak, Nafarroako Kutxa izan zenaren egoitzaren aurrean. Kontuz plataformako bozeramaile Patxi Zamora eta auzian Miguel Sanzen abokatua den Eduardo Ruiz de Erentxun banku batean eseri ziren, Lakastarekin. CAN auziari buruz ere mintzatzen da saioan Santiago Cervera PPko diputatu ohia.

Ideologia ezberdina duten hiru egunkaritako arduradunak mahai berean elkartzea ere lortu zuen Labrit Multimediak: Diario de Navarra-ko erredakzio buru Jose Murugarren, Diario de Noticias-eko zuzendari Joseba Santamaria eta Gara-ko zuzendari Iñaki Soto. Gobernuaren lehen ehun egunetako kudeaketari titulua jarriko diote.

Barkos, Aznarez, Asiron...

Lakastak hemeretzi elkarrizketa egin zituen erreportajerako: Nafarroako Kontuen Ganbarako presidente ohi Helio Robledak UPNren gobernuak egin dituen azpiegitura erraldoien inguruan hitz egingo du; Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea PSNri eta Podemos-Ahal Dugu-ri buruz ariko da; Alfonso Sanchez Tabernero Nafarroako Unibertsitateko —Opus Deikoa— errektoreak gobernu berriarekin duen harremanaren berri emango du; Joseba Asiron Iruñeko alkateak udaletxeko balkoian erantzungo dizkio galderak Lakastari; eta kazetariak kafe bat hartuko du Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosekin; UPNko presidente Javier Esparza ere elkarrizketatu du Lakastak.

Labrit Multimediak antzeko saio bat egingo du Nafarroan, ETB1erako. Euskararen eta abertzaletasunaren auzietan sakonduko dute. Abenduaren 3an emango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.