Nafar Telebistaren kudeaketa «negargarritzat» jo dute langileek

Otsailetik arazoak izan dituzte soldatak jasotzeko; lau hilabete egin dituzte diru saririk gabe

Nafar Telebistako langileek agerraldia egin zuten atzo Iruñean, katearen egoitzan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2016ko urriaren 22a
00:00
Entzun
«Kudeaketa ekonomiko negargarri batek langileen egoera jasanezina izatea eta proiektua desagertzera eraman du». Hala esan zuen atzo Mikel Navarrok, Nafar Telebistako langileen izenean, katearen egoitzan egindako agerraldian. Asteazkenean eten zituen emisioak kateak, eta, atzo,azkeneko hilabeteetan pairatu duten egoeraren berri eman zuten langileek. «Nafarroako errealitatea zabaltzeko eta proiektu berritzaile baten alde egiteko grina izan dugu orain arte lehentasun. Baina langileok otsailetik arazoak izan ditugu soldatak jasotzeko, atzerapenak izan dira nagusi eta lau hilabetez soldatarik gabe egon gara», azaldu zuen langileen bozeramaileak.

Zor zaien diruarengatik borrokatuko dutela adierazi zuten langileek, baina ohartarazi zuten langile autonomoek «oso zail» izango dutela. «Noizbait telebista hau berriro pizten bada, eskatzen dugu haiek haintzat hartzeko», esan zuen Navarrok. Twitter sare sozialean kontu bat zabalduko dute langileek, herritarrei haien borrokaren berri emateko.

Edonola ere, Nafar Telebistaren itzalaldia «errealitate bat» dela salatu zuten langileek. «Gure esker ona adierazi nahi diegu gure saioetara eskuzabaltasun osoz etorri zareten kolaboratzaile guztiei, baita lagundu gaituzten babesle guztiei ere, guztiek sinetsi dutelako proiektu honetan, guk bezala », adierazi zuten langileek. Diruz babesa eman duten guztiei ere eskerrak eman zizkieten.

Abian Komunikazioa enpresarekin elkarlanean euskal munduko mugimenduek eta fundazioek sortu zuten iaz Nafar Telebista; lizentzia bat lortu zuten aurreko gobernuak 2013an antolatutako lehiaketan.

UPN gobernuaren aurka

Nafar Telebistaren itxieraren berri jakin ostean, UPNk gogor kritikatu du Nafarroako Gobernua: «Barkosen gobernuak Nafarroako telebistak itotzen ditu, eta euskal telebista publikoaren alde egiten du. Gaur egun, informazio eta hizkuntza pluraltasun gutxiago dago, gobernuaren politika alderdikoiaren eraginez». UPNk salatu du Nafarroako Gobernuarentzat ETB dela Nafarroako telebista publikoa.

Nafar Telebistako langileen bozeramailearen ustez, berriz, ez daetekin politikoa ateratzeko abagunea, ez eta ETBren itzulerarekin aitzakiak jartzekoa ere. «ETB Nafarroan berriro ikustea ez da izan gure itzalaldiaren arrazoia. Otsailetik egon gara arazo ekonomikoekin, eta ETB lurreko telebista digitalera duela bi hilabete eskas itzuli da».

Nafarroako gainontzeko alderdi politikoek elkartasuna adierazi diete egunotan Nafar Telebistako langileei. Sare sozialetan elkartasun mezu ugari jaso dituzte egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.