Nafar Telebistak gaur hasiko ditu emisioak

NTB1 katea Nafarroa osoan ikusiko da LTDan, eta elebiduna izango da.NTB2k, berriz, soilik Iruñerrian emitituko du, euskara hutsean

Olaizola II. (irudian) eta Altuna III.aren arteko partida zuzenean emango du gaur Nafar Telebistak. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
urtzi urkizu
2015eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Olaizola II.ak eta Altuna III.ak buruz buruko txapelketako final laurdenetan gaur jokatuko duten partida izango da Nafar Telebistak eskainiko duen lehen emankizuna (16:45). Abian Komunikazioa enpresak lizentzia bat lortu zuen 2013an Nafarroako Gobernuak antolatutako lehiaketan, eta NTB1ek gaur hasiko ditu erkidego osorako emisioak. Euskaraz eta gaztelaniaz egingo ditu emanaldiak. Iruñerrirako ere lizentzia bat lortu zuen Abian Komunikazioak, eta bi aste barru ekingo die emisioei NTB2 kateak. Iruñerriko katea euskara hutsean izango da.

Abian Komunikazioarekin elkarlanean euskal munduko mugimenduak eta fundazioak daudela argitu du Iñaki Redin Nafar Telebistako zuzendariak. Telebistaren helburuak hiru izango direla iragarri du: «Telebista profesional, anitza eta kalitatezkoa egitea. Nafarroako gaiak jorratuko ditugu, sentsibilitate guztiei ahotsa emanez».

NTB2n, haurrentzako programazioak garrantzi handiagoa hartuko du, eta euskal kulturari lotutako emanaldiak eginen dituzte. NTB1en ere, datorren astetik aurrera euskarazko marrazki bizidunak ikusi ahalko dira, arratsaldez. NTB1 ikusteko kanalak berriro sintonizatu behar dira, eta 26. tokian aurkituko du ikusleak.

Redinen arabera, Abian Komunikazioak Nafarroako telebistagintzan hutsune bat zegoela ikusi zuen. «Euskarari eta euskal kulturari garrantzia eman nahi diogu, pluraltasunaren ideiarekin. Plurala da gure hitz gakoa».

Finantzaketa aldetik, aurten ezingo dute diru laguntzarik lortu. «Baina etorkizunean eskua sartu beharko diogu horri. Bestetik, lan komertziala egingo dugu. Horretarako, pilota oso garrantzitsua izanen da. Pilotak ondo kokatuko du gure marka». Pilota emankizunetarako eskubideak dituen enpresarekin elkarrizketetan ari da Nafar Telebista.

Irailerako, telebista «gihar guztiekin» martxan izango dela iragarri du Redinek, barne ekoizpeneko saioekin eta albistegiekin. Udazkeneko programazioan, adibidez, gaurkotasuneko eztabaidak eskainiko dituzte. Julian Iantzik eta Anabel Arraizak programa bana egingo dute astero.

Bihar Sortzenek antolatutako Euskal Eskola Publiko Berriaren jaia eginen dute Sarrigurenen. Nafar Telebistako kamerek bertan gertatzen dena jasoko dute, eta astelehenean programa berezia aurkeztuko dute Arraizak eta Iantzik, 21:15etik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.