Koldo Otamendi. 'Musika zuzenean' saioko aurkezlea

«Musika talde hasiberri ugari ari dira gauza oso interesgarriak egiten»

Otamendik 'Musika zuzenean' saioa gidatzen du ostegunero Hamaikan. Musikariek etxean egindako bideoekin eta diskoen kate batekin ari da osatzen saioa, baina gogoz dago aurrez aurreko elkarrizketak egiteko.

BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Uztailean hiru urte beteko dira Koldo Otamendi (Andoain, Gipuzkoa, 1973) Musika zuzenean saioa Hamaika telebistan egiten hasi zenetik.

Duela hilabete pare bat nork esango zizun Musika zuzenean modu honetan egiten arituko zinenik, etxetik.

Bai, egoera harrigarria da. Luzatzen ari den egoera bat da, eta kezkatuta nago ea zer gerta daitekeen denborarekin.

Aurkezpenak egiten ari zara aldamenean musikaririk izan gabe. Arraro sentitzen zara?

Bai, oso arraro. Ez dut neure burua aurkezletzat jotzen, are gutxiago orain egiten ari garen formatuan. Askoz gehiago ikusten dut neure burua musikarien elkarrizketatzaile gisa.

Kontzertuak itzuli arte denbora pasatuko da. Saioaren etxeko formatuak asko iraun dezakeela iruditzen zaizu?

Pentsatzen ari gara formatu berri bat sortzea. Garaian garaira egokitzen joan beharko dugu. Nahiz eta kontzertuak ez itzuli, epe ertain batean musikariei elkarrizketak egitera itzuliko garela espero dugu.

Etxeko ataletan, bideo bereziak ikusi dira. Eskean Kristo taldeko Peio Artetxe sukaldean Freddy Mercuryrena egiten, adibidez.

Eskean Kristo beti izan da talde dibertigarri bat, ideia eroekin, eta Peioren bideoak izaera horrekin egiten du bat. Bestalde, musikari asko berehala hasi ziren Instagramen zuzenekoak egiten, baina hori lasaitzen joango da. Detaile gisa hori ondo dago, baina zuzenekoek dutena falta dute. Soinua, berriz, bideo guztietan ez da nahi bezain ona.

Bertsio dezente ari dira zabaltzen sare sozialetan.

Bai, ikusten ari gara beste estilo batzuetan aritzen diren musikariak gauza desberdinak egiten. Egurra banatzen duten zenbait talde formatu akustikoan eta txikian jotzen ikusten ari gara. Bertsioek jokoa ematen dute.

Musika zuzenean saioa duela aste pare bat 100. atalera iritsi zen. Zer balantze egiten duzu 100 atal horietaz?

Balantzea oso ona da. Hamaika telebistak apustu handia egin zuen musika saio hau sustatuz. Saiatzen gara gure herrian musika arloan gertatzen dena islatzen. Atal batzuetan, talde ezagunak agertzen dira, baina ezezagunak diren taldeek ere tokia dute gurean. Saioa ez da arrakastarik handienekoen zerrenda osatzen duten horietakoa. Ideia da ikustea zer panorama dagoen gurean. Talde hasiberri ugari ari dira bidea egiten, gauza interesgarriak egiten. Hori guztia azalarazi nahi dugu.

Azkeneko asteetan musikari berririk aurkitu al duzu?

Bai, eta, gainera, gure saioa icebergaren punta da: 160 elkarrizketa inguru egin ditugu, baina askoz talde gehiago daude. Gustatuko litzaidake are talde gehiago sartzea. Musikaren inguruan bizi naiz, eta beti topatzen dut talde berri interesgarriren bat aurretik entzun gabekoa.

Inoiz baino musika talde gehiago dago Euskal Herrian, baina horrek isla txikia du ETBn. 2020ko taldeak ez dira gehiegi entzuten, ezta?

Egia da ETBk oso gutxi egiten duela apustu euskal eszenaren alde. EITB Kultura saioa oso interesgarria da eta Ahoz aho-n agertzen dira musikariak. ETBk dituen baliabideekin, argi dago askoz gehiago egin zezakeela euskal musikarengatik.

Aste honetan euskal sortzaileek bi eguneko greba digitala egin dute. Erakunde publikoak nahikoa egiten ari al dira euskal kulturako jendea laguntzeko?

Panorama, berez, zaila zen lehen, eta, orain, askoz gehiago. Musikari profesional gutxi daude Euskal Herrian soilik musikaz bizi direnak. Musikari gehienek badute beste lan bat, eta kontzertuekin soldata bat osatzen dute. Gainera, musikari askok beltzean egiten dute lan, oso baliabide eskasekin, eta haientzat ez dute ezer izango erakunde publikoek. Beheko eszenarentzako ez da diru laguntzarik egongo, ez direlako ofizialki langile gisa hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.