Abenduaren 12rako elkartasun egun berezia antolatu du EITBk. 25. urtea da EITBk elkartasun maratoia antolatzen duena, eta, aurten, gaixotasun kardiobaskularretan jarri dute arreta, Entzun bihotzari lelopean. Ikerketaren garrantziaren inguruan sentsibilizatzea eta dirua biltzea izango du helburu talde publikoak. Jada badago dohaintzak egiteko aukera: telefonoz, 900-84 07 50 zenbakian, eta Bizum bitartez (33478). Bestalde, herritar talde ugari ari dira Eskutitza kantarekin egindako bideoak bidaltzen.
Maratoiaren urteurrena ospatzeko, hamasei orduko musika maratoi bat egingo dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan: Gasteizen, merkatuan egingo dute, 09:00etatik 13:00etara —Kai Nakai, Aldakan eta Otxote Ausartak ariko dira kantuan, besteak beste—; Donostian, San Martin merkatuan ariko dira Urtz, Sara Zozaia, Janus Lester, Xabi Solano eta Golden Apple Quartet, besteak beste, 17:00ak arte; Iruñeko autobus geltoki zaharrean, Aurora Beltranek, Puro Relajok, La Pamplonesa bandak, eta abarrek joko dute, 17:00etatik 21:00etara; eta gauean, Bilboko Euskalduna jauregian, Maren, Iñigito Txapelpunk, Jonkas eta Akerbeltz igoko dira oholtza gainera. Doakoak izango dira sarrera guztiak.
Elkartasun maratoiaren aurkezpena egin dute gaur goizean, Bilbon. «Sentsibilizazioa bultzatu behar dugu, eta bereziki, prebentzioa: gure bihotzari entzun», adierazi du Isabel Octaviok, EITBko Estrategia eta Komunikazio zuzendariak.