Dut, Kuraia eta Berri Txarrak taldeetako bateria jotzailea izan da Galder Izagirre (Irun, Gipuzkoa, 1974). Argazkilaria ere bada.
Bi bide, lau norabide. Nora iritsi nahi duzu Bidegurutzean saioarekin?
Musika ariketa bat egin nahi dut, erakusleiho bat ireki. Argi dago telebista saio batek ezin duela lan hori guztia egin. Horretarako ere elkarlana behar da. Badok, Musika zuzenean eta halako atarien lana ildo horretatik doa.
Foku agentziaren enkargu bat da saioa. Nola hartu zenuen musika saio bat egiteko ideia?
Hasieran, ideia jasa baterako deia izan zen, eta ez zegoen ezer zehaztuta. Erronka bat izan da: hor nonbait, bidegurutzean jarri ninduen. Erabaki nuen 1996an egindako irratsaioa, izen berekoa, berreskuratu eta telebista formatua ematea. Beste zenbait gauza kontatzea ere bai.
Duela 25 urte gidatu zenuen Euskadi Gazteako irratsaio hura. Irratia berriro egiteko harra ez al zaizu sartu azkeneko urteetan?
Ez. Musikazale amorratua naiz, eta interes handia dut taldeetan. Baina kontziente nintzen orduan ere irratian aritzeko eta komunikatzeko behar den sena ez neukala. Esatari lana ez nuen oso ondo eramaten. Gerora Antxeta irratian egin dut saioren bat, baina hor gelditu da kontua.
Deabruari arima saldu zion Robert Johnsonek musikarako dohainen truke. Abiapuntu hori iradokitzailea iruditu al zaie musikari gonbidatuei?
Bai, musika munduan aritzen garenok beti izaten dugu konplizitatea deabruaren istorio horrekin. Musikari gehienek gustura hartu dute deabruarekin elkarrizketa izateko proposamena. Saioaren oinarria hortik dator. Robert Johnsonen bidegurutze hartan zer gertatu zen, eta gure musikariek duten enkontrua; jolas hori aitzakia da zenbait konturen inguruan aritzeko.
Joseba Ponceren animazioak ere deabrukeriak al dira?
Joseba beti bidaide izan dut, nerabezarotik. Irudiaren inguruko guztia elkarrekin partekatu dugu. Lotura Filmsekin eta harekin harremanetan jarri nintzen, eta bere lantaldearekin egin ditu animazioak.
Belaunaldi desberdinetako musikariak elkartzen dira saioko ataletan; bakoitzaren kanta bat elkarrekin kantatu eta jotzen dute. Nolako ezustekoak hartu dituzu parte horretan?
Saioaren intentzio argia da hori. Saiatu gara lehen begiratuan loturarik ez duten zenbait musikari elkartzen. Oso ezusteko politak hartu ditugu. Gari Skakeitan taldeko Pello Armendarizekin elkartzea zerbait logikoa zen, Pellok Gariren gaztetako energia gogorazten zidalako. Niko Etxart bere azpiko bi belaunaldirekin aritu da: Liher taldearen Teloia jotzen duen unea sekulakoa da, dena ematen du [atzoeman zuten, eta EITB nahieran-en dago ikusgai]. Etxartek erakutsi digu ez datorrela bere lezioak ematera, baizik eta modu apalean gazteengandik ikastera, interesa agertzen du haiengatik. Doctor Deseoko Francis eta Kai Na Kairen artean desiraz nola ari diren ikustea ere ederra izango da. Programako oholtza inprobisatuan sorkuntzak agindu dezala nahi dugu.
Saioak 12 atal izango ditu lehen denboraldian. Buruan al dituzu zer beste musikari eraman bigarren denboraldi batera?
Bai, zeren zenbait musikari kanpoan gelditu dira pandemiaren eraginez. Euskal musikaz dokumentatzen jarri garenean konturatu gara denboraldi gehiago egiteko adina musikari interesgarri daudela Euskal Herrrian. Kontziente naiz ETBrako saioa dela; nahiz eta norabidea argi neukan, modu zabalean eta aurreiritzirik gabe jorratu behar nuen. Ezin naiz nire gustuko estiloetan eta taldeekin gelditu.
ETBn eta EITBko irratietan ezin al dira erakusleiho gehiago sortu euskal musikagintza aberatsarentzat?
Zalantzarik gabe. Baina horretan sinistu egin behar duzu. Bidegurutzean saioan erronka bat izan dut: ez zentratzea erabat izen potoloetan, eta hor eztabaidak izan ditut ETBrekin: haiek izen potoloak behar zituzten, eta nik euskal musikako izen ezezagunak deskubritzea behar nuen. Erdibidean akordio batera iritsi behar izan dugu.
Galder Izagirre. ETB1eko, 'Bidegurutzean' saioko zuzendaria
«Musika ariketa bat egin nahi dut, erakusleiho bat ireki»
Asteazkenero hiru musikari edo talde elkartzen dituzte 'Bidegurutzean' saioan. Izagirrek esan du belaunaldi desberdinetakoak biltzen saiatu direla. «Ezusteko politak hartu ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu