Inoiz izandako ikusle daturik kaskarrena izan zuen TVEk iragan hilabetean. Hain zuzen, %9,6ko ikusle kuota lortu zuen ekainean; maiatzean baino 1,5 puntu gutxiago. Albistegietan ere behera egin du Espainiako hedabide publikoak, Telecinco katearen mesedetan. Ikus-entzuleen galera hainbat polemikarekin batera iritsi da; azkenaldian emandako hainbat albistek eta erreportajek harrabotsa sortu dute. Manipulazioa eta independentziarik eza egotzi diote hedabide publikoari.
Ikus-entzuleen galerari buruz hitz egin zuen RTVEko presidente Leopoldo Gonzalez Echeniquek herenegun. Urtebete egin berri du karguan. Ziurtatu zuen TVEko audientzien datu kaskarrak ez datozela bat ustezko independentzia galerarekin: «Inolaz ere». Aurrekontuaren murrizketari egotzi dio azkenaldian Espainiako telebista publikoak izan dituen ikusle kuota baxuak. «Nolabaiteko lotura dago gastuaren murrizketarekin eta ikus-entzuleen galerarekin», azaldu zuen.
Polemika eragindako kasuak bata bestearen atzetik etorri dira. Ekainaren 18an, Ana Ibañez La noche en 24 horas saioaren aurkezleak CEOE Espainiako patronalaren ekitaldi bat aurkeztu zuen. TVE beraren barruan ika-mika handia sortu zen; hainbat profesionalek ez zuten begi onez ikusi hedabide publikoaren aurpegi ezagunetako batek «horren izaera politiko nabarmeneko» ekitaldi bat aurkeztea. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak parte hartu zuen ekitaldi horretan.
ETA eta 11-M
Ekainaren 27ko iluntzeko Parlamento saioko erreportajearengatik barkamena eskatu behar izan zuen telebista publikoak. Canal 24 Horas katean ematen dute saio hori. Martxoaren 11ko atentatuak ETArekin lotu zituzten orduan: «Badira hiru urte ETAk ez duela ekintza armaturik egin, baina oraindik gure oroimeneangordeta ditugu Hipercor etaM-11ko atentatuak», zioen off-eko ahotsak, Atocha geltokian lehertutako trenen irudiak ematen zituzten bitartean.
PPko hainbat agintarik oraindik mantentzen duten teoriarekin bat egin zuen hedabide publikoak, nahiz eta sententziak ETAren egiletza ukatu. Diana Arias saioaren zuzendariak «esaldiaren anbiguotasunagatik» barkamena eskatu, eta ziurtatu zuen ez zela egon M-11ko atentatuak ETArekin lotzeko asmorik.
Bestalde, kateak berretsi zuen1960an ETAk Begoña Urroz haurra hil zuela, nahiz eta frogatua izan atentatua DRIL erakundeak egin zuela.
Madrilen ospatutako Gay eta lesbianen harrotasun egunean ere Canal 24 Horasek ez zuen ospakizunari buruzko albisterik eman. Antolatzaileek PP alderdiaren eskua ikusi dute horren atzean.
Barcenas auzia-ren jarraipenak ere kritikak jaso ditu TVEn. PPko diruzain ohiari buruz galdetu behar zioten parlamentuan Mariano Rajoy Espainiako presidenteari uztailaren 11n. Canal 24 Horas kateak, baina, saioa ez ematea erabaki zuen, eta, horren ordez, Egiptoko piramideei buruzko dokumental bat eskaini zuten.
Telebistak ez ezik, RNE irratiak ere hainbat kritika jaso ditu: irratiko albistegien batzordeak Diario de las 2 saioko informazioa emateko era gaitzetsi du.
RTVEko zuzendaritzak ez du uste albistegiak erreferentzialtasuna galtzen ari direnik. RTVEko kontrol batzordeko PPko ordezkari Ramon Morenok badu konponbidea albistegien audientzia datu apalak iraultzeko: «Aurretik eta ondoren doazen saioekin zerikusia du audientziak. Ikus-entzuleak erakarriko dituen saio bat aurkitzen badu TVEk, albistegiak liderrak izango dira».
Komunikazioa
Murrizketen errua omen da
Inoiz baino ikus-entzule gutxiago ditu TVEk. Albistegiek kritika ugari jaso dituzte independentzia faltagatik, baina RTVEko zuzendaritzak murrizketen eraginarekin lotu du audientziaren galera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu