«Dena oso bizkor alda daiteke, eta aldaketen denbora tarteak laburtzen ari dira». Hala idatzi du Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaileak behategiaren beraren urtekarian. Duela egun batzuk aurkeztu zuten lana, eta testu baliagarriak aurki daitezke bertan azkeneko hilabeteetako joerak eta gakoak hobeto ulertzeko —doan deskarga daiteke behategia.eus webgunean—.
2020ko nazioarteko ekosistema mediatikoaren letra-zopa izenburuko artikuluan, Mimenzak Comscore agentziaren ikerketa bati egiten dio erreferentzia. Joeren artean, «konektatutako» telebistaren hazkundea aipatzen du. «Horrek ahalbidetzen du publizitate digitala telebistetan ere zabaltzea, aukerak gehituz». Beste joera bat honako hau da: «Teknologia plataformen erabilera geroz eta espezializatuagoa nabari da». Kontsumoetan, mahaiko ordenagailua lanerako tresnatzat jo ohi da; eta sakelako telefonoa, erlaxatzeko. «Hortaz, kanpainak, audientzia profilaren arabera egokitzeaz gain, testuinguruaren arabera ere zehaztu daitezke; plataformaren arabera esaterako».
Aldaketen denbora tarteak laburtzearekin batera, bestalde, Comscorek antzematen du ardatz izan behar dutela etengabeko esperimentazioak, neurketak, ikasketak eta interakzioak.
COVID-19 garaian, halaber, 5Ga zabaldu da. «Telelana, bideokonferentziak, elkarlan digitala eta entretenimendua gure bizitzen parte garrantzitsu bihurtu dira», azaldu du Mimenzak. Eta, gertaerak abiadura bizkorrean joan direla, familia askorentzat Zoom aplikazioa bihurtu zen bideokonferentzietarako tresna. Sakelako telefonoetan, berriz, Tiktok bihurtu zen sortzaile askorentzat aplikazio nagusi. Netflixen hazkunde esponentziala ere ez da ahazteko kontua —beste streaming plataforma batzuk ere hazi dira—.
Nazioarteko joera horiek ageriko eragina izan dute Euskal Herrian. Mimenzak hala ohartarazi du: «Euskal Herria ez da salbuespenezko uharte bat ekosistema berrian». Badira, edonola ere, datu batzuk baliagarriak direnak Euskal Herriko kontsumoak zertan diren ezagutzeko, Behategiko koordinatzailearen aburuz.
2019ko datu batzuk baziren, EHUko HGH ikerketa taldearen eskariz Aztikerrek egindako bilketa batekoak. Inkestak ondorioztatzen zuen pandemiaren aurretik Euskal Herriko herritarren %83k prentsa digitala zutela ohiko hedabide —bederatzi puntu telebistaren aurretik—. Mimenzak honela dio: «Digitalak ginen 2019an. Joera indartuko luke beste datu bilketa batek».
Sektorea, «bizi-bizi»
2020ko datuei begiratuta, Hekimen elkarteko hedabideen webguneetan igoera orokor «esanguratsua» nabarmendu du Mimenzak —pandemia iristerakoan, apirilean, izan zen maximo historikoaz harago—. Behategiaren urtekariko beste artikulu batean, Josu Azpillaga Codesyntax enpresako teknikariak xeheago aztertu ditu Hekimeneko webguneen 2020ko datuak. Webgune guztiak aintzat hartuta, 40 milioi bisitak gainditu ziren iaz, aurreko urtean baino %43 gehiago. Inoizko hazkunderik handiena izan da 2020koa. «Pandemiaren asterik gogorrenetan eta itxialdietan irabazitako erabiltzaileen zati handi batek hor jarraitu zuen ondorenean ere, urtea bukatu bitartean», dio Azpillagak. «Badakigu, dena dela, hedabideen jarduna ezin dela bisitetan soilik neurtu», ohartarazi du.
Gako adierazgarriak plazaratu ditu urtekarian Igor Astibia Hekimeneko zuzendariak beste artikulu batean. Nabarmendu du pandemian euskarazko hedabideek langileak babesteko neurri zorrotzak aplikatu zituztela eta, horri esker, euskal gizartearen komunikazio beharrak asetzen jakin zutela. Joeren artean, podcasten aldeko apustua indartu dela uste du Astibiak. Websailen gorakada ere antzeman du.
Hekimeneko zuzendariak zera idatzi du: «Trafiko hazkundea orokorra izan zen, mundu mailakoa, baina euskarazko komunikabideen kasuan, lortutako emaitza horiek berebiziko garrantzia dute, etorkizunera begira erronka eta aukera berriak iradokitzen dituzten heinean». Astibiak uste du 2020a urte zaila izan dela euskal komunikabideentzat. «Baina sektorea bizi-bizi eta indartsu dago. Hedabideak aurrera begira daude, aurrean dituzten erronkei aurre egiteko prest».
Munduko joerekin bat
Hekimen elkarteko hedabideen webguneek %43 bisita gehiago izan zituzten 2020an, aurreko urtean baino. Sektorean iaz izan ziren joerak aztertu dituzte behategiaren urtekarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu