Jokin Etxeberria. 'Muak' websailaren ekoizlea

«'Muak'-en atal berrietan sei emakume sortzaile elkarrizketatu ditugu»

'Muak' euskarazko websailarekin AEBetan ibili da azkeneko asteetan Etxeberria. Sari bat jaso du Baltimoren, eta Miamiko websailen jaialdian lehiatu da. Iragarri du urtarrilean iritsiko direla 'Muak'-en atal berriak.

BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
ETBrako Chiloé eta Burp saioak aurkeztu zituen Jokin Etxeberriak (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1979). Ekoizle aritu da azkeneko urteetan: J.O.K Films eta La Fidele Production ekoiztetxeak sortu ditu. Irati filmaren ekoizleetako bat da.

Zer moduz joan da AEBetako bira Muak websailarekin?

Nahiko pozik nago. Zinema aretoetan aurkeztu ahal izan dut proiektua, eta jendearen erreakzioa entzutea interesgarria da. Proiektu digital bat izanik, sarri gertatu ohi da ez dakizula sobera zein den ikuslearen erreakzioa. Proiekzioa presentzialki eginda, entzun dezakezu nola erantzuten duen zinema gelak.

Baltimoreko jaialdian sari bat lortzea nola bizi izan zenuen?

Saria Variety kategoriako websail onenarena izan zen, eta ilusioz hartu nuen. Proiekzioan, jendeak barre asko egin zuen. Badakit zein momentu diren barre egitekoak, eta horietan ikusleen barreak entzun ziren. Bigarren graduko umorea ondo sartu zen. Iritzi onak jaso nituen: batzuek esan zidaten zerbait desberdina zela, aurrez ikusi gabekoa. Sortzaile gisa, pozik naiz horrekin. Freskotasuna ere aipatu dute. Aintzat hartuta AEBetan zenbat eduki sortzen diren, ez dago gaizki.

Miamiko websailen jaialdian nolako giroa topatu duzu?

Denbora gutxian bi Amerika topatu ditut, oso desberdinak. Baltimore oso afro-amerikarra da, industriala, eta hitzaldi interesgarriak entzun nituen; adibidez, The Wire telesaileko aktore bat entzun nuen aniztasunaren inguruan. Sakonak izan ziren Baltimoreko egunak. Aldiz, Miamin beste giro bat izan da: festa handi bat. Miamin, irudia, igerilekua eta show-a nagusitu dira. Interesgarria da ikustea nola aldatzen den hainbeste herrialde bat toki batetik bestera.

Euskarazko beste websail bat izan da Miamin lehian, ezta?

Bai, Rose of Dolls eta Oliver Menden websail bat zen lehian [Denboran bidaiatzeko gida osoa websailak zuzendaritza onenaren saria jaso du]. Azkeneko egunean Miamin sekulako festa antolatu zuten, 1980ko hamarkadako izarrekin. Irudia nagusi zen Miamin.

Harremanetarako ere baliatu duzu?

Bai, interesgarria da beste sortzaile batzuk ezagutzea, jakitea sortzaileek nola egiten dituzten haien proiektuak. Industria aldetik, ekoizleak eta banatzaileak ezagutzea gauza ona da. Harreman sareak lantzeko baliatu behar dira jaialdietako ekitaldiak. Beste jaialdi eta toki batzuetan ere gauza bera gertatu ohi da.

Nondik nora joango da Muak-en denboraldi berria?

Muakeko gudariak formatua hartu dugu beste gai batzuei heltzeko. Denboraldi berria Kanalduden izango da ikusgai urtarriletik aurrera. Muak ET izena darama denboraldi berriak, eta etorkizuna du mintzagai nagusi. Elkarrizketak egin ditugu Euskal Herriko sei emakume sortzailerekin, Donostian eta Bilbon. AEBetako bidaia baliatu dut zenbait grabaketa egiteko. Atal berriak lantzen buru-belarri gabiltza.

Kanalduden Muak-eko aurreko atalak ere jarriko dituzte. Baina atal berriak beste nonbait ikusi ahalko dira?

Ea beste telebista batzuk sartzen diren. Ikusiko dugu. Muak gudariak-en azken aurkezpen publikoa Miamin egin dugu, eta ea atal berriek ere bidaiatzen duten.

Paul Urkijoren Irati filmeko ekoizlea ere bazara. Harrera ona izan du orain arte, sariak tarteko. Baina nola ikusten duzu filmak egin dezakeen bidea?

Orain arte oso pozik gaude emaitzarekin. Frantziara begira, ni naiz ekoizlea, eta ikusiko dugu hango aretoetan nolakoa den bidea. Esan dezaket Akelarre filmarekin esperientzia sekulakoa izan zela: 60.000 ikus-entzule joan ziren pelikula ikustera, Espainian baino gehiago. Espero dut Irati-rekin ere arrakasta lortzea Frantziako zinema areto alternatiboetan.

Beste filmen batean ari zara ekoizle?

Bai, Silvia Munten Las buenas compañías filmean. Abortuaren eta feminismoaren ingurukoa da. Errenterian [Gipuzkoa] eta Iparraldean grabatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.