Monica Terribasek Opus Deiri buruzko dokumental saio bat egin du

Max plataformak bihar estreinatuko du 'El minuto heroico: Yo también dejé el Opus Dei' lana. Gareth Gore ikerketa kazetariak dokumentalean parte hartu du.

'El minuto heroico: Yo también dejé el Opus Dei' dokumental saioa. MAX
'El minuto heroico: Yo también dejé el Opus Dei' dokumental saioa. MAX
urtzi urkizu
2025eko otsailaren 6a
05:00
Entzun

Opus Dei Eliza katolikoaren parte izan ziren hamahiru emakume dira El minuto heroico: Yo también dejé el Opus Deidokumentaleko protagonista nagusiak. Erakunde horretan beren bizitza nolakoa zen kontatuko dute, eta handik atera ziren uneaz ere mintzatuko dira. Monica Terribas kazetari katalanak sortu eta zuzendu du dokumental saioa, eta Max ordainpeko plataformak estreinatuko du bihar.

Dokumentala grabatzeko, Terribasek erakundea ondo ezagutzen duten kazetari eta psikologoak izan ditu lagun: Gareth Gore ikerketa kazetari britaniarra —Opus liburuaren egilea da—, Financial Times egunkariko Antonia Cundy kazetaria, eta Laura Merino eta Vega Gonzalez psikologoak. Azken hori Sozioadikzioei Lotutako Laguntza eta Ikerketa Zentroko zuzendari kudeatzailea da. Proiektuan parte hartu du Sebastian Sal abokatuak ere —Argentinan eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetan, Opus Deiko laguntzaile numerario izandako emakume batzuen auzian egin zuen lan—. Erlijio abusuetan eta sekten auzietan lan egin duen psikologo batekin ere hitz egingo dute.

Opus Deitik atera ziren hamahiru emakume horiek herrialde askotakoak dira: Latinoamerikakoak eta Europakoak. Ez dute elkarren artean harremanik, eta dokumental saioan beren esperientzia kontatuko dute: lan arloan abusuak jasan zituztela, eta psikologikoki egoera gogorrak bizi izan zituztela, esaterako.

'El minuto heroico: Yo dejé el Opues Dei' dokumental saioa
'El minuto heroico: Yo también dejé el Opus Dei' dokumental saioaren fotograma bat. MAX

Dokumental saioak artxiboko hainbat irudi erabiltzen ditu. Testuinguru historikoa ere ematen du, eta gogorarazten du Jose Maria Escriva de Balaguerrek sortu zuela Opus Dei, 1928an kanonizatua izan ostean. Erlijio erakundeak indar handia izan du munduko herrialde askotan, baita Euskal Herrian ere.

Terribasek nabarmendu du saioaren ardatza emakume biktimak direla: «El minuto heroico lanak Opus Dei ispiluaren aurrean jartzen du, eta erakusten du emakume batzuei beren eskubideak urratu zaizkiela, eta abusu psikologiko eta espiritualak sufritu dituztela erlijio erakunde horren barnean. Adin desberdinetako emakumeen benetako bizitzak dira. Hainbat herrialdetan gertatu da hori, baina jokabide eredua bera da».

Laura Sistero zinemagileak Claudia Traisac aktorea zuzendu du dokumental saio honetarako. Izan ere, Traisacek jartzen dio aurpegia eta ahotsa emakume horien kontakizunari.

'El minuto heroico: Yo dejé el Opues Dei' dokumental saioa
'El minuto heroico: Yo también dejé el Opus Dei' dokumental saioaren fotograma bat. MAX

The Mediapro Studio konpainiak ekoitzi du dokumental saioa Max plataformarentzat. Ekoizle eragileak Terribas bera, Bernat Elias eta Amparo Castellano dira. Warner Broseko ekoizleak, berriz, Zaida Serrano-Piedecasas eta Maria Rubio dira.

Lau atalez osatua dago saioa, bakoitza 50 minutukoa. Lehen atalean, Opus Dein sartzen diren 14 urteko gazte batzuen kontakizuna egiten dute. Erlijio erakundeak nerabeak nola kontrolatzen dituen ageri da. Bigarren atalean, gazte horiek mundutik nola bakartzen dituzten erakusten dute; antzezpen batzuk tartekatzen dira hori irudikatzeko. Hirugarren atalean, Opus Deiri «obedientzia kosta ahala kosta» nola zor dieten azalduko dute. Laugarren atalean sakontzen da Opus Deitik ateratako emakumeek zer egoera bizi duten. Hutsetik hasi beharko dute bizimodua gehienek, baina ondorio emozional, psikologiko eta fisikoak jasan eta gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.