Los Angelesko (AEBak) muino batean esan zuen agur Zuhaitz Gurrutxagak, igande gauean, Herri txiki, Amerika handi programaren azken atalaren bukaeran. Pentsakor gelditu zen Mikel Pagadi, eta hara non, emakume gazte bat agertu zen. Hasi ziren solasean, eta Pagadik berehala egin zion proposamena Herri txiki, infernu handi aurkezteko. Miren Nogales (Zestoa, Gipuzkoa, 1991) izango da saio horretako aurkezle berria. ETB1ek igande honetatik aurrera emango du bederatzigarren denboraldia.
Nogales aktorea da. Arte Dramatikoa ikasi zuen, Madrilen. Hiri horretan, askotariko lanak egin zituen, antzerkiarekin batera. Gogoko izaten zuen Herri txiki, infernu handi ikustea. «Aje pixka batekin, burrito batzuk afaltzea eta bitartean Herri txiki ikusi izaten zen plana».
Hautaprobetara aurkeztu zenean, «jolas baten moduan» hartu zuen Nogalesek. «Ez nekien ondo zertan sartzen ari nintzen, baina ilusioa banuen». Proba Astigarragan (Gipuzkoa) egin zuen, Rambo ezizena duen gizon batekin eta haren familiarekin. «Primeran pasatu nuen. Gero, Zestoako taberna batean nintzen lagun batekin zerbait hartzen, eta dei bat jaso nuen. Etxera joan eta saiorako hartu nindutela jakitean, oihuka hasi nintzen. Ama eta biok builaka aritu ginen korridorean, Operación Triunfo saioan kantari bat hautatzen dutenean bezala».
Belauntzan (Gipuzkoa) ibiliko da Nogales denboraldiko lehen atalean, Pagadirekin batera. «Lehen grabaketak espero baino hobeto joan dira. Nire gorabehera emozionalekin ibili naiz; presio handia da Gurrutxagaren pareko aurkezle bat ordezkatzea, hain maitatua...». Baina aurkezle berria pozik dago lantaldearekin. «Pilo bat laguntzen ari zaizkit».
Orain arte zailena zer egiten ari zaion galdetuta, zera erantzun du Nogalesek: «Neure burua hor ikustea. Orain arte, grabatzen aritu naiz, baina ez dut neure burua ikusi. Zaila egiten zait sinestea baietz, hasi naizela horretan». Zailtasunak badaudela aitortu du: «Erritmoa hartu behar da. Umorea egiten ari gara: ez da erraza elkarrizketak umorez egitea. Etxetik errazago ikusten da».
Nogalesek beste umore mota bat egin izan du. Madrilen, hainbat antzezlanetan aritu zen. Euskal Herrian, Pikuak websailean parte hartu zuen, baita Egunak egin du saioan ere. «Gidoi batekin egin izan dut komedia orain arte, baina, orain, elkarrizketak egitea beste kontu bat da. Zuk ere barregarria izan behar duzu elkarrizketatan, eta kostatzen ari zait». Hala ere, aitortu duenez, lantaldekoek «izugarrizko pazientzia» dute harekin. «Gonbidatuek ere ulertzen naute. Esaten diet: 'Ni berria naiz' [barrez hasi da]».
Gurrutxagak zortzi urte egin ditu saioan, aurkezle, 2015eko urtarriletik atzo gauera arte. Nogalesek ere luzaroan aritu nahiko luke saioan. «Orain arte bezala bada, bai, behintzat. Nire etapa berriaren hasiera da hau. Lan oso polita da. Jendeak gustura hartzen du gu haien herrira joatea».
Sebastian Lizaso bertsolariarekin ere ondo konpondu da Nogales. «Gustura kantatuko nuke Sebastianek idatzitako bertso bat. Hori egingo dugu, noizbait». Ostegun gauetan grabatzen dute oholtza gaineko emanaldia herri bakoitzean. «Esker onekoa izaten da gau hori. Primeran pasatzen dugu; barre asko egiten dut».
Bederatzigarren sasoia
Igandean hasiko da, beraz, Herri txiki, infernu handi-ren bederatzigarren denboraldia. Eta Pagadi ere «pozik» dago. «Nogalesek asko balio du; ondo egokitu da, eta tonu polita hartzen ari da». Aurkezle beteranoaren arabera, beldurrez ere iritsi da Zestoako aktorea. «Normala da: ni ere beldurrez hasiko nintzateke. Baina dohaina badu, eta oso azkarra da. Espero dut jendeari gustatzea».
Pagadik, bestalde, bere burua indarrez ikusten du saioan beste zortzi urte egiteko: «Indarrez, bai, behintzat. Lan gogorra da, baina esker onekoa. Aitona-amonen maitasuna sari ona izaten da». Euskaraz ez dakien jendeak ere agurtzen duela sumatu du. «Eta ilusioa pizten du horrek».
Miren Nogales izango da 'Herri txiki'-ko aurkezle berria
ETB1eko saioak igandean hasiko du bederatzigarren denboraldia. Nogalesek beteko du Zuhaitz Gurrutxagak utzitako tokia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu