Ikus-entzunezkoak

Miptv azoka azkeneko aldiz egin dute Cannesen

Aurreko urtean baino %40 parte hartzaile gutxiago izan da Miptv nazioarteko azokan. Datorren urtetik aurrera Londresen egingo dute. Canneseries jaialdia hiri berean mantenduko dute.

Lucy Smith Miptv nazioarteko azokako zuzendaria, asteartean. MIPTV
Lucy Smith Miptv nazioarteko azokako zuzendaria, asteartean. MIPTV
urtzi urkizu
2024ko apirilaren 11
12:00
Entzun

Cannesen (Okzitania) 61. urtez egin dute Miptv nazioarteko azoka. Baina ikus-entzunezko ekoizle, saltzaile eta banatzaile ugari biltzen dituen azoka hori datorren urtetik aurrera Londresen egingo dute; 2025eko otsailean egingo dute aurrenekoz Erresuma Batuko hiriburuan. Aurten, 84 herrialdetako 3.527 ordezkari elkartu dira Cannesen, iaz baino %40 gutxiago.

Euskal Herriko ordezkaritza ere aurreko urteetan baino askoz txikiagoa izan da. Izaskun Perez Gaubeka Expressive Media Projects konpainiako ordezkaria da Euskal Herritik joan diren bakanetakoa. «Nazioarteko enpresen parte hartze txikiagoa nabaritu da», esan du. «Baina, hala ere, oso bilera interesgarriak izan ditugu, eta agenda betea izan dugu». 2025eko otsailean Londresen egingo duten azokaren inguruan, bestalde, Perez Gaubekak adierazi du sektorean «ziurgabetasun handia» dagoela. «Inork ez du baieztatu bertan parte hartuko duenik».

Lucy Smith Miptv azokako zuzendariak asteon iragarri du Londresko topaketan nazioarteko konpainia gehiagok parte hartuko dutela. Haren arabera, Erresuma Batuan egoitzarik ez duten eragileak «gosez» joango dira azoka horretara. Gogoratu du azkeneko urteetan Cannesko azokaren zenbakiak beherantz zihoazela, eta espero zutela hiriz aldatzea. Izan ere, 2019. urtean 10.000 profesionalen langa gainditu zuen Cannesko Miptv azokak. Zerikusirik ez, beraz, aurtengo 3.500eko kopuruarekin.

Londresko Mip azoka otsailaren 24tik 27ra egingo dute, IET London-Savoy Hotel eraikinean. Bere garaian BBC telebistaren egoitza izan zen hori.

Dena den, Smithek aipatu du «gero arte» esatea dagokiela antolatzaileei, Mipcom azoka aurrerantzean ere Okzitaniako kostaldeko hirian egingo baitute. Urrian egingo dute azoka hori.

Errealitatea eta kirola

Nahiz eta parte hartzea txikiagoa izan den, Miptv azoka beti da eremu interesgarria telebistako joera berriak nondik nora doazen jakiteko. Hala, Glance ikus-entzunezko aholkularitza agentziak jakinarazi duenez, gazteek telebistan nahiago dute errealitatea, beste genero batzuen aldean. Martxoan egindako ikerketa baten arabera, ikus-entzule gazteen artean Netflix eta Disney Plus plataformak punta-puntan daude, eta horietan telerrealitateko formatuak gailentzen dira. Beatrice Rosmanith Glanceko negozio globalen zuzendariak esan duenez, formatu horien artean musikakoak daude, umorezkoak eta elkarbizitzan oinarritutakoak. Asiako formatuek goranzko joerari esuten diotela gaineratu du.

Frederic Vaulpre Glanceko presidenteordeak azaldu duenez, «telesailen betekaden aroa» amaierara iristen ari da. Aldiz, streaming plataformetan, kirol emanaldiak gorantz doaz. Horri lotuta, Warner Bros. Discovery, SNTV eta Buzz16 plataformek Cannesen adierazi dute kirol emanaldiak ez direla jada osagarri hutsak. «Kirola entretenimendua da, eta ez dugu genero desberdin baten gisan ikusten», dio Scott Youngek, Warner Bros. Discovery-ko Europako kirol arduradunak. Nabarmendu duenez, kirola «oso garrantzitsua» da, bai telebista konbentzionaleko kateentzat, bai ordainpeko plataformentzat. SNTV Sports News Television konpainiako salmenta zuzendari Zoe Duffelenek uste du askotariko formatuak daudela kirolaren abaroan. «Eta ez da kirolen fanatikoa izan beharrik kiroletako giza istorioekin gozatzeko».

Miptv azokan boladan dauden formatuen berri eman ohi dute ekitaldi batean. Aurten, memeekin lotutako saio bat nabarmendu da besteen gainetik: Hungariako Meme Over. The Wit egitasmoak biltzen ditu formatu berriak, eta bere zuzendari Virginia Mouselerrek esan du umorezko memeekin lotutako saioak gorantz doazela. Aurten, osasun mentalarekin eta lodifobiarekin lotutako saioak ere nabarmendu dituzte.

Canneseries jaialdia 'Die Zweiflers'-ek irabazi du

Cannes hirian mantenduko duten ekitaldia, berriz, Canneseries telesailen jaialdia izango da. Atzo gauean amaitu zen jaialdia, sari banaketarekin. Epaimahaiak Die Zweiflers lanari eman zion telesailik onenaren saria. Musikarik onenaren saria ere lortu zuen Alemaniako fikzio horrek, baita ikasleena ere. Aktorerik onenaren saria Kataluniako Això no és Suècia telesailaren Aina Clotetek jaso zuen. Operation Sabre telesaileko aktore taldeari ere sari berezi bat eman diote. Epaimahaiak gidoirik onenaren saria, bestalde, Dumsday telesaileko Christopher Pahleri eman dio. Telesail laburrik onena Rather Burn izan da. Eta dokumental sailik onena, DJ Mehdi: Made in France.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.