Minbiziaren ertz guztiak

Iñurri elkarteak sortutako bideopodcasta da '(Min)bizi'. Minbizia duten, izan duten edota izan ez dutenentzat pentsatuta dago, gaixotasunaren tabuak alde batera uzteko.

Ezkerretik hasita, Jordina Arnau eta Olatz Mercader gonbidatuekin, ataletako baten fotograma batean. IÑURRI.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
«Bizi, minbizi, eta hil arte bizi». Horrela hasten da (Min)bizi podcastaren atal bakoitza. Olatz Mercaderrek zuzentzen ditu euskarazko saioak, eta Jordina Arnauren laguntza izaten du gaztelaniazkoetan. Eta, nola ez, «inurritegi» osoaren lana izaten dute atal bakoitzaren atzean. Spotifyn, Youtuben eta Argia-ren webgunean entzun daitezke atalak.

Iñurri elkartearen proiektu bat da (Min)bizi. Minbiziari buruzko informazioa zabaltzen duen eta gaixotasuna pairatzen duten emakumeei lagun egiten dien elkarte bat da Iñurri, Miren Cuerdok eta Julene Ilarramendik sortua. Elkarteko kideak konturatu ziren ez zegoela gaixotasuna modu naturalean lantzen zuen produkturik, eta are gutxiago euskaraz. «Niri gertatu zitzaidan. Gaixo nengoenean ikusi nuen ez zegoela ezer», kontatu du Olatz Mercaderrek, saioaren gidariak.

Iñurrira jotzen duten emakumeen artean, ohikoa izaten da afariak edo bestelakoak egiteko elkartzea, Cuerdoren hitzetan. «Askotan esan izan digute: 'Hemen grabagailu bat jarriko bagenu...'», kontatu du Cuerdok. Eta, bilera horiei forma apur bat emanez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza bati esker, bideopodcasta egiteko ideia sortu zen.

Askotariko gaiak

«Hasieratik argi genuen badagoela jendea guregana etortzera ausartzen dena, baina badagoela jende pila bat ere ez dena ausartu etortzera, dena delakoarengatik», aipatu du Cuerdok, eta behar horri erantzun bat eman nahi zioten, eskura zituzten baliabideen arabera. Iazko azaroaren amaieran atera zuten lehen atala, eta otsailaren 13an kaleratu zuten azkena.

Sexualitatea, metastasia, tratamenduak, zaintza... askotarikoak dira landu dituzten gaiak: «Elkarteak bere ibilbidean identifikatu dituen beharren inguruan hitz egin dugu», esan du Cuerdok.

Izan ere, Iñurriko kideek azaldu dutenez, pertsona bati gaixotasuna diagnostikatutakoan, informazio falta handia dago: «Askotan, minbizia duen jendeari esaten zaio: 'Bizitza osasuntsua eraman eta kirola egin behar duzu'. Baina non dago horren inguruko informazioa?», gehitu du Cuerdok.

«Podcasta ez da minbizia duten pertsonentzat bakarrik: gaixotasuna ez dutenentzat ere bada», kontatu du Ilarramendik. Iñurriko kideek gaixotasuna gertutik bizi ez dutenengan ere jarri nahi izan dute arreta: «Gizarteak minbiziaren inguruan duen begirada aldatzen lagundu nahi dugu», gehitu du Mercaderrek. Gaixotasunetik urrun bizi arren, jendeak beste pertsona batzuei buruz egin ditzakeen iruzkinak alde batera uzteko abiapuntu izan nahi du (Min)bizi-k, mingarriak izan baitaitezke, ezjakintasunetik egiten badira.

Talde lana

Podcastean gutxi batzuek eman dute aurpegia, baina atzeko inurri lanari esker atera da aurrera proiektua. Atal guztiak aste batean grabatu zituzten, eta 30 boluntariotik gora igaro ziren Garate estudiotik, modu batera edo bestera, euren aletxoa jartzeko. «Lagunak etortzen ziren guri afaria egitera, eta baliabide pila bat eman dizkigute podcasta txukuna izan zedin. Egia esan, laguntza hori gabe, askoz ere xumeagoa izango zen», esan du Cuerdok.

Hain izan da ona emaitza, non joan den urtarrilean entzunezko Argia saria jaso baitzuten. «Ez genuen espero», esan dute hiru protagonistek, ia aho batez. «Olatzek deitu gintuen telefonoz, eta esan zuen lehen gauza zera izan zen: 'Eserita zaudete? Ba, heldu kuleroei bi eskuekin, izugarrizko albistea eman behar dizuet eta!'. Eta hala izan zen», oroitu du Ilarramendik.

Elkarteko kideek esan dute proiektuak lortu duen zabalkundea ikus-entzuleei esker lortu duela: «Inurri asko dauzkagu itzalean, gure proiektuari gertutik erreparatzen diotenak, eta modu batera edo bestera babesten dutenak», gehitu du Mercaderrek.

Aurkezleak argi du zer den proiektuak eman dion gauzarik onenetako bat: «Izugarri bete nau minbizia duen jendeak esateak identifikatuta sentitzen direla guk esandakoekin», aipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.