Milagarren zenbakia atera du 'Nós Diario' galegozko kazetak

Kazetaritza independentea egiten du 'Nós Diario'-k. Ez dauka diru laguntza publikorik, eta harpidetza sistema da diru iturri nagusia.

Nos Diarioko erredakzioa
Nós Diario Galiziako egunkariaren erredakzioa, Santiago de Compostelan. 'NOS DIARIO'
iraia vieira gil
2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

«Botere publikoek zigortzen duten zerbait da kazetaritza independentea, eta, aldi berean, gure indargunea». 2020ko urtarrilaren 2an kaleratu zuen Nós Diario galegozko egunkari bakarrak lehenengo zenbakia. Maria Obelleiro hedabide horretako zuzendariak egunkariak aurrera egiteko ahaleginean jarraitzen du lanean, erredaktore talde osoarekin batera. «Konplexurik gabeko kazetaritza ausarta egiten dugu guk, Galiziako Gobernuak ematen dituen diru laguntzek baldintzatzen ez dutena». Galizian argitaratzen dituzten hamabi egunkarietatik, hain zuzen, Nós Diario da diru laguntza publikorik jasotzen ez duen bakarra, eta, hala ere, milagarren zenbakia publikatzea lortu zuen aurreko astean.

Diru iturri nagusia harpidetza sistema denez, irakurleekin aurrez aurre biltzeko baliatu dute milagarren zenbakiaren ospakizun kanpaina. «Egunkariari buruz dituzten zalantzak argitu nahi dizkiegu, eta dituzten gomendioak eta eskakizunak entzun». Oraingoz, idatzizko komunikabideari hasiera eman zioteneko harpidedun kopuruari eutsi diote —3.000 ziren hasieran; 3.200 orain—, eta, ahalik eta gehienekin hitz egin ahal izateko, Galiziako eskualde bakoitzean antolatu dute ekitaldiren bat.

Harpidedun berriak erakartzeko helburuarekin ere abiatu dute kanpaina. «Nós Diario-k etorkizuna izan dezan, ezinbestekoa dugu babes ekonomiko handiagoa jasotzea», aitortu du Obelleirok. Nazioarteko gizarte egoeraren ondorioz, paperaren kostua asko garestitu da azken urteotan, eta horrek arriskuan jarri du egunkariaren egonkortasuna. 30.000 euro ordaindu behar dituzte urtean, papereko edizioa publikatu ahal izateko.

Kalitatezko informazioa eskaintzeko egiten duten lana irakurleek eskertzeak ase sentiarazten ditu kazetariak. Baina hedabidearen kontrako jarrera era irekian adierazten dutenak ere badaude: «Harpidedunen komunitatetik kanpo, Nós Diario isilarazten eta txikiagotzen saiatu dira zenbaitetan».

Bigarren mailako komunikatzaileak balira bezala tratatzen dituzte, eta Nós Diario informazioa eskuratzeko egunkari alternatiboa dela ematen dute aditzera. «Alternatiboa, baina ez zentzu onean», argitu du zuzendariak. Esaten duten hori gezurra dela ziurtatu du segidan: «Galiziako beste komunikabide batzuen agenda zehaztu duten informazioak ezagutarazi izan ditugu guk sarritan».

Zahar etxeetako auzia

Galiziako zahar etxeetako «egoera prekarioa» salatzen lehena izan zen Nós Diario. «Beste hedabideek bazekiten egoera zein zen, baina ez zuten horren berririk eman, interes politikoengatik». Domesvi enpresaren egoitzetako zuzendaria nor zen esan eta [Alberto Nuñez] Feijoorekin zuen harremana ezagutarazi zuten —Galiziako Gobernuko presidentea zen orduan—. «Erabiltzaileen salaketen ondorioz auziak gainezka egin zuenean, hedabideek enpresa hori babestu zuten bereziki». Egia kontatuz gero jasoko zuten zigorraren beldur ziren gehienak.

Nós Diario-ko kazetariek lan independentea egin zuten, eta orduan zahar etxeetan zeuden erabiltzaileekin hitz egiteko aukera izan zuten. «Egoera latzagoa zen egoitza pribatuetan». Izan ere, Galiziako Gobernuak diru laguntza publikoak eman zizkien, itunpeko plazak eskaintzeko. Obelleirorentzat «ahaztezina» da kasu horretan aurkitu zuten guztia. «Oso mingarria izan zen zahar etxeetan nola bizi ziren ikustea», kontatu du. «Egunean behin aldatzen zizkieten fardelak, bizar xaflak beste erabiltzaile batzuekin partekatu behar zituzten, eta batzuei ultzerak ateratzen zitzaizkien denbora luzean ohetik altxatzen ez zituztelako».

Ikerketa kazetaritzan oinarrituta egin zuten lehen lana izan zen. Gainerako hedabideen tresnak erabili gabe, sakon aztertu zituzten zahar etxeen nondik norakoak. «Salaketa mehatxuak iritsi zitzaizkigun, baina, azkenean, inork ez zigun ezer egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.