Mikel Iarza, Harri Fernandez eta 'Biba zuek!' saritu ditu Agifes elkarteak

Kazetaritza eta Buru Osasuna sarien harira, solasaldia egingo dute gaur, Donostian, Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoan. 18:00etan hasiko da, eta saritu guztiek parte hartuko dute.

Euskadi Irratiko 'Baipasa' saioa saritu du Agifesek; irudian, ezkerrean, Mikel Iarza kazetaria. AGIFES
Euskadi Irratiko 'Baipasa' saioa saritu du Agifesek; irudian, ezkerrean, Mikel Iarza kazetaria. AGIFES
urtzi urkizu
2025eko urtarrilaren 27a
09:00
Entzun

Kazetaritza eta Buru Osasuna sariak eman ohi ditu Agifes elkarteak urtero. 2024ko sariei dagokienez, prentsaren atalean Noticias de Gipuzkoa egunkariko Harri Fernandez kazetaria saritu dute, martxoaren 17an egunkari horretan argitaratutako erreportaje batengatik. Artikuluko protagonistak Zuhaitz Gurrutxaga umorista eta Realeko futbolari ohia, eta Mikel Sarmiento Agifeseko kidea dira. Nahasmendu obsesibo-konpultsiboa du lehenak, eta depresioa bigarrenak.

Irratiaren kategorian, Euskadi Irratiko Baipasa saioa saritu dute, martxoaren 21eko programan «gazteen osasun mentalari eskainitako tarte zabalagatik eta kolektiboari ahotsa emateagatik». Mikel Iarza kazetaria Agifesek Bentaberrin (Donostia) duen zentrora joan zen, eta bi psikologo eta gazte bat elkarrizketatu zituen, gazteentzako Zeuk Aukeratu egitasmoaren inguruan.

Telebista kategorian, ETB1eko Biba Zuek! saioak jaso du saria, martxoaren 27an Mikel Sarmientori egindako elkarrizketa sakonagatik. Saioak 20 minutu inguru eskaini zizkion Sarmientori bere bizipenak eta ikaskuntzak kontatzeko ETBko platoan. Horregatik, Agifesek euskal telebista publikoaren apustua azpimarratu nahi izan du, «bere programarik ikusienetako batean osasun mentalaz sakonki eta arduraz hitz egiteko tartea sortzeagatik». Izan ere, «horrelako saioak oso lagungarriak dira buru nahasmenduak ikusarazteko eta gaiari naturaltasuna emateko».

Sarien harira, topaketa bat antolatu du Agifes elkarteak gaurko. Donostiako Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoan egingo dute, 18:00etan. Hedabideek osasun mentalaren inguruan eraikitzen dituzten narratibak aztertuko dituzte, pertzepzio publikoan duten eragina eta estigma sozialari aurre egiteko duten rola nabarmenduz. Solasaldian parte hartuko dute Iarza eta Fernandez kazetariek, Biba zuek! saioko ekoizle eragile Bego Atinek eta Agifes elkarteko bi ordezkarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.