Jada hasi dira ikus-entzuleak sare sozialen bidez berotzen. Mihiluze-ren denboraldi berria astelehenean hasiko da, 21:20an, ETB1en. Horretarako, hasiak dira saioak grabatzen, eta, Xabier Zapirain zuzendariaren esanetan, produkzio erritmo normalean hasi dira jada: «Oso gustura hasi dugu denboraldia, eta oso pozik».
Badira aldeak iazko denboralditik aurtengora, eta haietako batzuk iragarri dituzte. Berreskuratu egingo dituzte haienean «klasikoak» izan diren proba batzuk: Tribuaren berbak eta Potokumeak. Ikusi makusi proba berria ere gehituko dute: memoria lantzeko ariketa bat izango da. «Hitzekin egingo dugu jolas lehenengoan; bertsoekin, doinuekin eta kantuekin, bigarrenean; eta, irudiekin, hirugarrenean», azaldu du Zapirainek.
Mantendu egingo dituzte Eroglifikoak, Imihintzioka, Mihiluzeko eskua —nahiz eta eredu motzago batean—, Zein da zuzena eta Sokatira. Aldiz, Arrastoz arrasto proba, saioaren hasieran egiten zena, kendu egingo dute.
Zuzendariak aitortu du «kezka moduko bat» badutela, ez baitakite aldaketek ondo funtzionatuko duten, baina Zapirainek ziurtatu du jada grabatutako saioetan egoki ikusi dituztela.
«Nahiago dugu zaku txikiagoa maizago eman, handiagoa eta gutxitan eman baino»
XABIER ZAPIRAINMihiluzeko zuzendaria
Zakua eramateko bidean, Bai edo bai azken probak ere bere horretan jarraituko du, baina «diru gehiago» izango da zakuan. «Iaz, asmatutako kontzeptu bakoitzeko, 25 euro banatzen genituen; aurten, bikoitza». Gainera, Zapirainek gaineratu du Mihiluze-ko lantaldea beti dagoela desiratzen zakua banatzeko: «Guk nahiago dugu zaku txikiago bat maizago eman, handiago bat eta gutxiagotan eman baino, baina lehiakideek asmatu beharreko kontua da hori».
Badute jada parte hartu nahi dutenen zerrenda bat, baina jende gehiago lehiaketara joatera animatu du zuzendariak. «Mihiluze-ko edukietan askotariko gaiak ditugun bezala, gustatzen zaigu lehiakideen artean ere adin, genero eta lurralde ezberdinekoak izatea». Gipuzkoarrak animatzen dira gehien lehiaketara, baina adierazi du beste lurraldeetako jendea ere besoak zabalik hartzen dutela.
Telebistatik kanpo ere bai
Aplikazioa ere berritasunekin dator. Zapirainek adierazi duenez, iaz mila pertsonatik gora jolasten ziren Bai edo bai proban, egunero eta aldi berean, aplikazioaren bidez. Baina «ez zen telebistakoaren esperientzia bera», Hamaikakoa egiaztatzeko aukerarik ez baitzuen ematen. Aurten izango da horretarako aukera.
«Guretzat oso garrantzitsua da aplikazioaren bidez aldi berean hainbeste erabiltzailek jokatzea, eta, ahal bada, mila ez, bi mila izan daitezela, edo hamar mila». Aplikazioa deskargatzera animatu ditu ikus-entzuleak, eta oroitu du asteroko parte hartzailerik onenak «sekulako saria» irabazteko aukera izango duela.
Iazkoari tiraka, aurten Mihiluze-k presentzia izango du sare sozialetan ere, baina «bultzada» batekin. Aurtengo asmoa da eduki propio eta euskarazko entretenimendu gehiago sortzea, eta, telebistako saioa den horretatik aparte, sare sozialak bere horretan ere kontsumitzeko produktua izan daitezela.
Zapirain zuzendariak aurreratu du aurten ere euskal sortzaileekin saio berezia egingo dutela Durangoko Azokaren ingurumarian. Gabonetan ere haurren saioak egingo dituzte: «Sekulako arrakasta izaten dute, eta gaztetxo pila batek ematen dute izena».