ETB1eko Mihiluze lehiaketan 35.100 euroko zakua nork irabaziko duen jakingo da gaur gauean. Euskal Telebistak iragarri du gaur banatuko dutela zaku hori, baina ez dute argitu zer bikote izango den sariaren irabazlea. Ohi bezala, euskarazko saioa 21:30ean hasiko da.
2024-2025 denboraldian, zaku bakarra banatu dute orain arte: urriaren 23an izan zen. Bilboko Izaro eta Ioritz lehiakideek eskuratu zuten zaku hura, 16.450 eurokoa. Sari hura halako bi izango da gaur gauean banatuko dutena.
Mihiluze euskarazko lehiaketa ikusle datu onak lortzen ari da ikasturte honetan. Horren erakusgarri, martxoaren 13an %2,7ko ikusle kuota lortu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan —16.000 ikus-entzule—. Otsailean, ETB1en batez besteko ikusle kuota %1,9 izan zen.
Denboraldi honetan, halaber, ETBk ordutegi aldaketa batzuk egin ditu: azaroaren amaieran, Mihiluze 20:50era aurreratu zuen, Gaur egun albistegiaren eta kirol albisteen ostean emateko; modu horretan, prime time ordutegia 21:45era aurreratu zuen. Baina saiakerak bospasei aste baino ez zuen iraun, eta urtarrilean lehengo ordutegian jarri zituzten lehiaketa eta prime time-ko saioak. Antton Telleria eta Ilaski Serrano dira Mihiluze-ko aurkezleak, eta Orio Produkzioak ekoiztetxeak egiten du. Donostiako Miramongo egoitzan grabatzen dute.