ETB

'Mihiluze'-k inoizko zakurik handiena banatuko du etzi

Euskarazko lehiaketak 110.200 euroko zakua banatuko du astelehen gauean. ETB2ko 'Atrápame si puedes' saioan 140.500 euroko saria eman zuten atzo.

Ilaski Serrano eta Antton Telleria aurkezleak. ORIO
Ilaski Serrano eta Antton Telleria aurkezleak. ORIO
urtzi urkizu
2024ko ekainaren 1a
05:00
Entzun

ETB1eko Mihiluze lehiaketak 110.200 euroko zakua banatuko du astelehenean. Hau da, saioan orain arte inoiz eman duten saririk handiena. Ilaski Serranok eta Antton Telleriak aurkezten dute lehiaketa astelehenetik ostegunera, eta etzi gauean emozioz betetako emanaldia izango dute.

Orio Produkzioak ekoiztetxeak egiten du euskarazko saioa, eta ekoizleek iragarri dute une berezia bizi ahalko dela astelehen gauean. «Tentsioa eta zalantza ugari izango ditu bikote irabazleak, baina, azkenean, hainbat saiotan hamaikakoa eta urrezko galdera bat asmatuta zakua irabazteko zorian izan ostean, astelehenean lortuko dute azken proba osorik zuzen erantzutea».

Ohiko moduan, ETB1eko lehiaketa 21:30ean hasiko da. EITBren webgunean ere ikusteko aukera dago. Bestetik, Interneteko sare sozialetan, lehiaketaren kontuetan, bikote irabazlearen erreakzioak ikusi ahalko dira.

Aurreko denboraldian, 30.814 eurokoa izan zen banatu zuten zakurik handiena. Eider Ormaetxeak eta Ander Laraudogoitiak irabazi zuten zaku hura.

ETBk gaur egun duen euskarazko lehiaketa bakarra da Mihiluze. 2006tik 2013ra izan zuen lehen etapa, eta orduan Kike Amonarriz aritzen zen Ilaski Serranorekin batera aurkezle lanetan. 2022ko irailean itzuli zen ETBko programaziora, eta orduan hartu zuen Telleriak Amonarrizen erreleboa. Aste gutxi barru amaituko da lehiaketaren denboraldia.

'Atrápame si puedes'-eko zakua

ETB2 kateko Atrápame si puedes lehiaketan, berriz, atzo eman zuten denboraldiko zakurik handiena: 140.500 euroko saria banatu zuten. Nafarroako lehiakide batek eraman zuen saria. Lehiaketa hori egunero ematen dute gaztelaniazko katean, 14:00etatik 15:00etara, eta ETB4n ere errepikatzen dute. Hostoil ekoiztetxeak (Conquis egiten duen bera) egiten du, eta aurkezlea Patxi Alonso da.

Beste alde batetik, nabarmentzekoa da herritar ugarik Donostiako Miramongo estudioak ezagutzeko aukera izaten dutela Mihiluze lehiaketari esker. Lehiakideez gain, herritar ugari joaten dira publiko gisa saioa nola egiten duten ikustera. Beste hainbeste gertatzen da Euskal Telebistako beste programa batzuekin ere. Hain zuzen ere, EITBk jakinarazi du urtero 5.000 herritarrek baino gehiagok bisitatzen dituztela Bilboko, Donostiako eta Gasteizko egoitzak. Bilboko egoitzan, esaterako, bisitariek Interneteko kazetarien erredakzioa, Radio Euskadiko estudioak eta ETBko albistegietako platoak ikusteko aukera izaten dute, baita argazkiak ateratzeko modua ere. Bisiten inguruko informazioa jaso eta hartzeko, honako helbide honetara idatzi behar da: [email protected].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.