'Mihiluze' eta 'prime time'-a lehengo ordutegira bueltatuko dira ETB1en

'Mihiluze' atzeratu egingo dute, eta 21:30ean emango dute bihartik aurrera. 'Prime time'-ko programak 22:20-22:30 inguruan hasiko dira, denboraldiaren hasieran bezala. Ikusle datuen eraginez egin du aldaketa ETBk.

Benito Lertxundi eta Klaudio Landa ETB1eko '11 entzuteko' saioan. ORIO PRODUKZIOAK
Benito Lertxundi eta Klaudio Landa, ETB1eko '11 entzuteko' saioan. ORIO PRODUKZIOAK
urtzi urkizu
2025eko urtarrilaren 6a
11:00
Entzun

Azaroaren 25ean, ETB1 kateak aldaketa esanguratsu bat egin zuen gaueko programazioan: aurreratu egin zuen Gaur egun albistegiaren osteko saio nagusien ordutegia. Hortaz, hainbat astez, Mihiluze lehiaketa 20:50ean emateari ekin zioten, eta prime time ordutegiko saioak 21:50ean emititzen hasi ziren. Astelehenetik ostegunera, inguruko beste telebista kateetan baino goizago eman ahal izan zituen horrela bere saiorik garrantzitsuenak. Aste gutxiren buruan, baina, ETBk erabaki du lehengora itzultzea. Bihartik aurrera, ETB1ek 21:30ean emango du Mihiluze, eta 22:30ean hasiko dira prime time-ko saioak —horixe zen ordutegia urrian eta azaroaren hasieran—.

Azaroan, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak modu honetan arrazoitu zuen ordutegi aldaketa: «ETB1eko ikusleen feedbacka jaso dugu. Aspaldian entzun izan dut ETB1eko ikus-entzuleak ohera goizago joaten direla. Aldaketa hauek eginda, ETB1eko ikusleei gauaren lehen partean emango dizkiegu saiorik onenak». Bazituzten programazioa egokitzeko arrazoi gehiago tartean. «TVEn David Broncanoren La Revuelta saioa hasi denetik [Hego Euskal Herrian ikusle gehien duen telebista saioa da astelehenetik ostegunera], prime time-ko saioak beranduago hasten dira kate askotan». Hala gertatzen da Espainiako katerik handienetan, baita ETB2n ere. «Baina argi ikusi dugu ETB1eko ikusleek ez dutela halakorik nahi», adierazi zuen Iparragirrek. «Euskaldunek afalostean telebistaz pixka bat gozatu nahi dute, eta ohera joan».

Oso gutxi iraun du ETBren apustu horrek, aurreko ordutegian jarriko baitituzte euskarazko saioak gauetan. ETBko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, ikusle datuengatik egingo dute hori. Adierazi dutenez, Mihiluze lehiaketan batez ere ikusleen parte handi bat galdu dutela, ia erdiak. Irailaren 30ean hasi zen Mihiluze-ren denboraldi berria, eta ETBren arabera, «oso ondo» hasi zuen ibilbidea ikusle datuei erreparatuz gero. Ordutegia aurreratu ostean, soilik egun batean ibili zen lehengo ordutegiko datuetan. Prime time ordutegiko programek, bestalde, ez zituzten ikusle datu hobeak lortu 21:50ean jarrita.

ETB1eko 'Mihiluze' lehiaketa
Ilaski Serrano eta Antton Telleria, ETB1eko 'Mihiluze' lehiaketako aurkezleak. ETB

Aste honetatik aurrera, ETB1eko Gaur egun-en eta kirol albisteen ostean, EITB Kultura saioa emango dute 20:50ean; eta ondotik, Bump telesaila.

ETB2 kateari dagokionez, gaueko albistegiaren ostean RH+ saioa ematen dute, eta 23:00etan hasten dira prime time-ko saioak.

Benito Lertxundi bihar 22:20an

ETB1eko programazioan aldaketa gehiago izango dira egunotan. Klaudio Landak aurkezten duen 11 Entzuteko saioa bihar itzuliko da programaziora, Eguberrietako atsedenaldiaren ostean, eta aurrerantzean astearte gauetan emango dute (22:20); orain arte, asteazkenetan ematen zuten. Biharko atala ez da nolanahikoa izango, Landak Benito Lertxundi musikaria elkarrizketatuko baitu. 60 urteko kantagintza ibilbideari amaiera ematea erabaki du Lertxundik, eta, agur esateko, Gernika kontzertuan diskoa plazaratu du. ETB1eko saioan, bere ibilbidea errepasatuko du musikariak; halaber, itsasoarekin duen harreman estuaz hitz egingo du Landarekin.

Ohi bezala, 11 Entzuteko saioak bi mahai inguru izango ditu: aurrenekoan, aktualitate gaien inguruko eztabaida izango dute. Bigarrenean, berriz, itsasoa izango dute hizpide, eta itsasoarekin lotura duten gonbidatuak eramango dituzte platora. Kaleko inkestek eta erreportaje laburrek osatuko dute saioa.

Asteazken gauetan, Mihiluze-ren ostean,Piztu telebista saioa emango du ETB1ek. Hainbat hilabetez atsedena izan du programa horrek, eta denboraldi berrian aldatu egin dituzte familia guztiak. Hau da, pantailako edukien aurrean jarriko diren protagonistak aldatu egin dira —horietako batzuk ikusi ahal izan ziren abenduaren 31n eman zuten saioan—.

Ur handitan ere itzuliko da. Xabier Madariaga kazetariak jarraituko du erreportaje saioa aurkezten, eta aste honetatik aurrera, ostegunetan emitituko dute, 22:20an.

ETB2 katean, bestalde, hilaren 13an hasiko da Conquis-en denboraldi berria. Hori da gaztelaniazko katean ikusle daturik onenak lortzen dituen saioa, Teleberri-rekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.