Mihiluze lehiaketaren bigarren etapa hasi zenetik, 21:30etik 22:20ra eman izan du ETB1ek. Beranduago ere hasi izan da zenbaitetan. Datorren astelehenetik aurrera, baina, euskarazko kateak 20:45 aldera emango du, Gaur egun albistegia eta kirol albisteak amaitu bezain laster. Horrez gain, prime time ordutegiko programak ere aurreratu egingo ditu ETB1ek: 21:45ean hasiko dira astelehenetik ostegunera. Gainera, astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan, prime time-ko saio horiek eman ostean, Primeran-en eduki original batzuk jarriko ditu ETB1ek: esate baterako, Nerea Aliasek aurkezten duen Intimitatean elkarrizketa saioa.
Unai Iparragirre ETBko zuzendariak azaldu duen moduan, prime time osoa aurreratuko dute. «ETB1eko ikusleen feedbacka jaso dugu. Aspaldian entzun izan dut ETB1eko ikus-entzuleak ohera goizago joaten direla. Aldaketa hauek eginda, ETB1eko ikusleei gauaren lehen partean emango dizkiegu saiorik onenak». Iparragirrek dioenez, kirol albisteen eta Mihiluze-ren arteko tarteak ikusle datu apalak izaten zituen orain arte. Horregatik erabaki dute gaueko saioak aurreratzea.
Badira programazioa egokitzeko arrazoi gehiago tartean. «TVEn David Broncanoren La Revuelta saioa hasi denetik [Hego Euskal Herrian ikusle gehien duen telebista saioa da astelehenetik ostegunera], prime time-ko saioak beranduago hasten dira kate askotan». Hala gertatzen da Espainiako katerik handienetan, baita ETB2n ere. «Baina argi ikusi dugu ETB1eko ikusleek ez dutela halakorik nahi», dio Iparragirrek. «Euskaldunek afalostean telebistaz pixka bat gozatu nahi dute, eta ohera joan». Ikusleen datuak dituzte EITBn hori baieztatzeko.
'Mihiluze' ondo dabil
Mihiluze lehiaketak irailaren 30ean hasi zuen denboraldi berria. Tribuaren berbak eta Potokumeak probak berreskuratu dituzte aurten, eta Ikusi makusi proba berria gehitu. Denboraldi honetan, sakelakorako aplikazioak ere berritasunak ditu. Eta ikus-entzule euskaldunen harrera beroa jasotzen ari da Orio Produkzioak ekoiztetxearen lehiaketa. Joan den astean, datu bikainak izan zituen.
ETBko zuzendariak nabarmendu du azkeneko hiru denboraldietako «konpetentziarik zailena» duela aurten Mihiluze-k. «Baina aurten lortzen ari da hiru denboraldi hauetako ikusle daturik onenak. Kontua da gauero ikusle datu oso apaletatik abiatzen zela. Oraingo aldaketa honek lagundu egingo dio Mihiluze-ri, ikusle datu handiagoekin hasiko da eta. Eta horrek, aldi berean, hazten lagunduko dio Mihiluze-ri, eta lagunduko dio prime time-ari berari ere».
«Aldaketa hauen bidez, nahiko genuke ETB1eko ikus-entzuleek saiorik saio katea berean jarraitzea. ETB1eko ikusleen onerako izango da»
UNAI IPARRAGIRREETBko zuzendaria
Eguraldia-k (19:45), Gaur egun-ek eta kirol albisteek ikusle datu onak izaten dituztela dio ETBko zuzendariak. «Aldaketa hauen bidez, nahiko genuke ETB1eko ikusleek saiorik saio kate berean jarraitzea. ETB1eko ikusleen onerako izango da».
Berrikuntza gehiago izango dira datozen hilabeteetan ETB1eko programazioan. Batetik, Herri txiki, infernu handi saioaren denboraldi berria hasiko da abenduan —urtarrilean, hamargarren urteurrena ospatzeko saio berezia egingo dute—. «ETBko ikusleek asko maite duten saio bat ere urtarril partean itzuliko da», iragarri du Iparragirrek.
Primeran plataformarako propio ekoitzitako saioak ematen ere hasiko da ETB1 datorren astetik aurrera. Astearte, asteazken eta ostegun gauetan izango da hori. «Probatzen hasiko gara. Primeran plataforman estreinatu eta sei-zortzi astera, eduki batzuk ETB1en ematea da asmoa, egoki ikusiz gero». Primeran-en beste denboraldi bat izango duten saioekin egingo dute hori, batez ere. Ziurtzat jo daiteke Nerea Aliasen Intimitatean saioak —irailaren 5ean estreinatu zuten— bigarren denboraldia izango duela. Hemendik gutxira, Xabin Fernandezen Ardi beltzak saioa ere emango du ETB1ek.
Asteburuetan, bestalde, ETB1ek programazio hau izango du gauetan, hilaren 22an hasita: ostiraletan, Go!azen eta pilota; larunbatetan, Hitzetik hortzera eta Oholtzan; eta igandeetan, Ametsen arbola eta Ztanda.