'Mihiluze' bihar itzuliko da, 20.000 euroko zakuarekin

ETB1eko lehiaketan azken proba aldatuko dute. Saioaren dinamika berrituko dute, entretenimendua erdigunean jarrita

Ilaski Serrano eta Antton Telleria Mihiluze lehiaketako aurkezleak. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Iazko irailean berreskuratu zuen ETBk Mihiluze lehiaketa, bederatzi urteko etenaldiaren ostean. Fin joan zen aurreko ikasturtea, eta bihar aro berriko bigarren denboraldiari ekingo diote.Aurreko urtean bezala, Ilaski Serranok eta Antton Telleriak aurkeztuko dute programa. Eta ordutegia ere lehengo bera izango da: astelehenetik ostegunera, 21:30ean. Baina itxura berriturik hasiko dute ikasturtea: platoak, esate baterako, irudi berria izango du.

Lehiaketa beraren dinamika aldatu egingo da, gainera: proba berriei aurre egin beharko diete lehiakideek. Euskara, umorea eta entretenimendua jarriko ditu erdigunean Orio Produkzioak ekoiztetxearen saioak. Eta bikote onenek sari handiak eraman ahalko dituzte: lehen saioan, bihar, 20.000 euroko zakua izango dute jokoan. Egunero mila euro gehiago jarriko dituzte jokoan.

Denboraldi berrirako bikote ugarik eman dute izena. Eta datozen hilabeteei begira, parte hartu nahi dutenek [email protected] helbide elektronikora idatz dezakete edo 660-99 17 66 telefono zenbakira deitu edo idatzi.

Aurreko urtean bezala, Xabier Zapirain izango da lehiaketako zuzendaria. Zakua lortzeko azken proba aldatu egin dutela iragarri du: «Lehen, Zer da zer? zen azken proba, eta, aurten, Bai edo Bai izango da amaierakoa. Bertan, lehiakideek 11 kontzeptu izango dituzte, eta Bai edo Ez eremuan kokatu beharko dituzte. Saioak egiaztatu egingo du lehiakideen aukeraketa, eta esango diete zenbat akats dauden». Gero, lehiakideek hiru egiaztapen egiteko aukera izango dute. Zapirainek azaldu duenez, behin lan horiek bukatuta, Urrezko galdera egongo da. «Eta horien erantzunak izango dira 11 kontzeptuetatik bi. Dena ondo eginez gero eramango dute zakua lehiakideek».

Programaren lehen minutuetan ere izango dira aldaketak. Izan ere, joko dinamika aldatu egingo dute. «Hiru bikoterekin askoz denbora gehiagoz arituko gara. Entretenigarriagoa izango da lehen fase hori, eta umore gehiago izango du iaz baino», iragarri du saioko zuzendariak. Iaz ikasturtearen erdian sartu zuten Mihiluze eskua proba. Eta hori mantendu egingo dute, bainakantuak ere egongo dira. «Galdera bisualak ere izango ditugu», dio Zapirainek. «Asmoa da entretenimenduaren aldeko apustua egitea, betiere gure esentzia galdu gabe». Zapirainen arabera, proba berriek aukera emango diete aurkezleei une jostagarri gehiago izateko.

Tiktoken hasi dute bidea

Sare sozialei dagokionez, Mihiluze-k orain arte eduki propioak sortu ditu Instagramerako eta Xrako —lehen, Twitter—. Aurten Tiktok ere elikatuko dute. «Twitterren interakzioa izaten dugu, zazpikiak-eta jasoz; Instagramen jokoek ondo funtzionatzen dute storie-tan, jende askok parte hartzen du; eta Tiktok nahiko genuke erabili euskararen unibertsoan eragiteko». Euskaraz ikasten ari diren herritarrak ere erakarri nahi dituzte Tiktok-eko kontuaren bitartez. Horretarako, hainbat bitxikeria sartuko dituzte.

Bestelako ezustekoak ere egongo dira aurten ETB1eko lehiaketan. Esate baterako, hemendik gutxira gailu eramangarrietarako aplikazioa izango du saioak.

Saioko arduradunak, bestalde, pozik daude Euskal Herri osoko euskaldunak ari direlako izena ematen lehiaketan parte hartzeko. «Arabakoak eta Iparraldekoak dira gutxien animatzen direnak, baina espero dugu aniztasunarekin jarraitzea. Hau da, lurralde, genero eta adinaren aldetik ahalik eta aniztasun handiena egotea nahi dugu», azaldu du Zapirainek. Denek ondo pasatzea da saiokoen xedea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.