'Mihiluze' 10-11 urteko haurrekin egingo dute datorren astean

Lau programa berezi izango dira. 'Erantzuna emanda' proba berrian arituko dira. Pazko astearen ostean, berrikuntzak izango dira

Parte hartzaileetako batzuk, lehiaketako aurkezleekin batera. ORIO PRODUKZIOAK.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
ETB1eko Mihiluze lehiaketak oso atal bereziak izango ditu datorren astean: astelehenetik ostegunera, 10-11 urteko neska-mutikoak arituko dira lehian. Grabatuak dituzte jada haurren atalak, eta Xabier Zapirain programako zuzendariak nabarmendu du esperientzia «errepikatzeko modukoa» izan dela. «Ikusita jasotako erantzuna nolakoa izan den, iruditzen zaigu haurrekin atal gehiago egiteko moduan egon gintezkeela. Agian, beste ordutegi batean emateko».

Izan ere, saioak sare sozialetan deialdia egin, eta Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako 240 bikotek bidali zuten bideoa parte hartzeko gogoa adieraziz. Horietatik bederatzi bikote arituko dira Mihiluze-n lehian: lehen egunean, Ataungo (Gipuzkoa), Portugaleteko (Bizkaia) eta Gasteizko neska-mutikoak arituko dira jokoan; bigarrenean, Oñatikoak (Gipuzkoa), Zaldibarkoak (Bizkaia) eta Iruñekoak; eta hirugarrenean, Azkaratekoak (Nafarroa), Laudiokoak (Araba) eta Hazparnekoak (Lapurdi). Lehen hiru saioetako bakoitzean, bikote bat pasatuko da final handira, eta hilaren 13an jokatuko dute final hori.

Bestalde, agur eta animo bideoak emango dituzte programan. Parte hartzaileen lagun eta gelakideenak izango dira, baina baita kirol elkarteetakoenak, antzerki taldeetakoenak, dantzako lagunenak eta senitartekoenak ere. Zapirainen arabera, edukiak haurrentzat egokitu dituzte, eta parte hartzaileek asko gozatu dute.

«Bistan da deialdiaren erantzuna sekulakoa izan dela eta haurrek lehiaketa ikusten dutela», gaineratu du saioaren zuzendariak.

Proben artean, neska mutikoek ez dute A zer pareakproban jokatu beharko, eta, haren ordez, Erantzuna emanda proban arituko dira. Galdera arinak dira, eta ez badute asmatzen, errebotea egongo da. «Modu horretan, hasiera dinamikoagoa da», aipatu du Zapirainek.

Pazko astearen ostean, helduak itzuliko dira Mihiluze-ra. Berritasunak izango dira, gainera. Mihiluzeko eskua proba estreinatuko dute. Lehiakideek eskuak gordetzen duen esaldi ezkutua asmatu beharko dute. Esaldia ikur iberikoek ezkutatzen dute, eta, galdera batzuk zuzen erantzunez gero, ikurrak askatu, eta esaldiaren hizkiak agerian geldituko dira. Esaldi ezkutua asmatzen duen lehen bikoteak komodina lortuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.