Sermos Galiza astekariko zuzendaria izan zen 2017tik 2019ra Maria Obelleiro (Arcade, Galizia, 1985). Nós Diario 2020ko urtarrilean jaio zen, eta, harrezkero, egunkari horretako zuzendaria da.
Duela bi aste, Errumanian, Midas elkarteko 28. kide izendatu zuten Nós Diario. Zer esan nahi du zuentzat?
Ohore bat da guretzat. Eskertuta gaude Midaseko hedabideekin. Esan nahi dut hori ez litzatekeela posible izango BERRIAko Martxelo Otamendik eta Vilaweb-eko Vicent Partalek eman diguten bultzadarik gabe. Iaz, Donostiako biltzarrean izan genuen lehen harremana Midasekin, BERRIA baitzen anfitrioia, eta gonbidatu gisa parte hartu genuen. Hainbat hedabiderekin harremana hasi genuen, eta elkarteko partaide izateko aukera zabaldu zen.
Aurtengo biltzarraren antolatzailea hungarierazko Hargita Népe egunkaria izan da. Herritarrek ezagutzen ez dituzten errealitate asko daude, ezta?
Donostiako biltzarrean konturatu nintzen oso errealitate desberdinak daudela. Kasu batzuetan, hedabidea ez da argitaratzen hizkuntza minorizatu batean, baizik eta hizkuntza minoritario bat da argitaratzen den herrialde horretan. Hau da, hizkuntza hori nagusi ez den beste herri batean argitaratzen da.
Zer gehiago esango zenuke Midas elkarteaz?
Egitasmo aberasgarria da guztiontzat, ehuntzen den sareagatik. Topaketa hauek aukera ematen digute babestuago egoteko. Ideiak eta praktika onak partekatzea ere gauza ederra da.
Zuen eskaintzari dagokionez, gazteentzako aldizkari bat sortu berri duzue. Zer moduz doa?
Alpha aldizkaria sortu dugu Letra Galegoen Eguna ospatzeko aitzakiarekin. Maiatzaren 17an ospatzen da egun hori, eta azken urteetan Pontevedrako Udalarekin batera zerbait egin izan dugu; iaz, adibidez, Fernandez del Riego idazleari eskaini zitzaion eguna eta argitalpen bat. Aurten, erabaki dugu gazteentzako egitasmo bat abiaraztea.
Gazteentzat egitea ez da kasualitatea.
Ez, noski. Kontuan hartu behar da Galiziako Xuntaren hizkuntza politikek eragin kaltegarria izan dutela. Gazte asko daude ez dutenak konpetentzia linguistikorik galegoz. Horregatik ekin genion Alpha aldizkaria egiteari. Oraingoz, maiatzeko astearteetan argitaratuko dugu.
Ekainetik aurrera izan al dezake jarraipenik?
Oso harrera ona izaten ari da hezkuntza zentroetan. Santiagoko Udalak interesa azaldu du, eta aldizkariaren aleak banatu ditu hiriko institutuetan. Ikusiko dugu etorkizunean zer egiten dugun.
Nolako kazetaritza egiten ari zarete aldizkari horretan?
Gazteen interesei erantzuten ari gara, haiei aurrez aurre hitz eginez. Aldizkariko koordinatzaileak gazteak dira: Rafa Ruiz Matas eta Ana Loureiro. Praktikak egin zituzten gure egunkarian, eta haiek gidatzen dute aldizkaria. Paternalismorik gabe egin nahi dugu.
PPk gehiengo osoa lortu zuen azken bozetan Galizian. Xuntak jarraituko du ezikusiarena egiten galegozko egunkari bakarraren aurrean?
Ez dakigu; espero dezagun ezetz. Azken diru laguntzetan kanpoan utzi gintuzten; hirugarren urtez gertatu da hori. Egunotan egin dugu eskaera berria diru laguntzak lortzeko asmoz. Gure babes nagusia harpidedunak dira. Baina beste egunkari batzuei ematen dizkiete laguntzak. Zergatik ez guri, galegoz argitaratzen dugun bakarrak izanik? Xuntako hedabideen idazkari nagusi berria izendatu dute, eta bilera bat eskatu dugu harekin.
Nola ikusten duzu Nós Diario-ren etorkizuna?
Harpidedunen araberakoa izango da etorkizuna. Galegozko hedabide independente baten alde egiten duen jende kopurua handitzea nahiko genuke. Kazetaritza ausartaren alde apustu egiten duten herritar kopurua ugaritzea, alegia.
Azkenaldian, asko hitz egiten da albiste faltsuez eta desinformazioaz. Zer garrantzi du testuinguru horretan Nós Diario bezalako egunkari fidagarri batek?
Erabateko garrantzia; kazetaritza demokrazia baten bermea da. Galizian sistema perbertso bat dago, eta egunkari handiek finantzaketa Xuntaren diru laguntza publikoei esker osatzen dute. Horrek kazetaritza akritikoa eta klientelarra sortzen du. Guk hasiera-hasieratik kazetaritza independentea egin nahi izan dugu, eta gure irakurleei esker egiten dugu aurrera. Horretaz harro gaude.