Prentsa askatasuna

Mexikoko kazetarien egoerari buruzko dokumental bat estreinatu dute

New Yorkeko Tribecako Jaialdian Audientziaren Saria irabazteko lehian da Santiago Maza zinemagilearen 'State of Silence' dokumentala.

Diego Luna 'State of Silence' dokumentalaren ekoizlea. EFE
Diego Luna 'State of Silence' dokumentalaren ekoizlea. EFE
urtzi urkizu
2024ko ekainaren 12a
12:00
Entzun

«Dokumental honek ez luke existitu behar. Hemen bagaude, hiltzen ari garelako gaude. Eta prentsan gertatzen ari dena gizartearen isla da: mehatxuak, hilketak, erbesteratzeak...». Marcos Vizcarra kazetariaren hitzak dira, State of Silence dokumentalaren protagonistetako batenak. Mexikoko kazetarien aurkako hilketak eta kazetari mexikarrek bizi duten egoera jasotzen ditu film horrek. Jesus Medina, Juan de Dios Garcia Davish eta Maria de Jesus Peters dira dokumentalaren beste protagonistak. Santiago Maza zinemagileak zuzendu du filma, eta asteon estreinatu dute, New Yorken, Tribecako Nazioarteko Jaialdian. Audientziaren Saria irabazteko lehian da dokumentala. Estreinaldian parte hartu dute Diego Luna eta Gael Garcia Bernal ekoizleek; aktore lanengatik ezagunak dira Luna eta Garcia Bernal, baina La Corriente del Golfo ekoiztetxearekin askotariko lanak ari dira ekoizten azkenaldian.

Mazak aurkezpenean esan duenez, 2000. urtetik 164 kazetari hil dituzte Mexikon. «Horren atzean gizakiak daude, istorio pertsonalak dituzten istorioak. Ez dira zenbaki hutsak». Zinemagilearen dokumentalean kazetari mexikar independenteen egoera islatzen da, eta hainbat arlotan kritikoa da Andres Manuel Lopez Obrador presidentearen gobernuarekin —Claudia Sheinbaum izango da presidente berria—. Luna eta Garcia Bernal ekoizleek, bestalde, kazetaritza independentearen garrantzia nabarmendu dute New Yorken. «Egia ez da hiltzen kazetariak erailda. Eta informazio eskubiderik ez badago, ez da demokrazia osorik izango», adierazi du Lunak.

Euskal Herrian dokumentala noiz ikusi ahalko den jakiteko goiz da oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.