Metak Threads sare soziala sortu du, Twitterri aurre egiteko

Sare sozial berriak Twitterren funtzionamendu bera du. Aurreneko zazpi orduetan aplikazioak hamar milioi deskarga izan ditu

Threads sare sozial berria zabaltzeko Metak zabaldu duen irudia. META / EFE.
urtzi urkizu
2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Urak nahasi doaz Twitter sare sozialean, azkeneko egunetan erabiltzaileentzat zenbait muga ezarri eta gero; ohiko erabiltzaileek egunean 1.000 txio ikus ditzakete, baina ez gehiago —sortu berriak diren kontuek 500 txioko muga dute—. Eta kontu egiaztatua, hau da, ordainpekoa dutenek 10.000 txioko muga dute. Elon Musk jabe den enpresak adierazi du bot-ei aurre egiteko hartu duela erabakia. Lehiakide indartsu bati aurre egin beharko dio orain: Metak Threads sare soziala sortu du, Twitterren xede eta funtzionamendu berarekin.

Ikusmina piztu du Metaren—Facebook eta Instagram sareen enpresa— aplikazio berriak: martxan izan den lehen zazpi orduetan, hamar milioi deskarga baino gehiago izan ditu. Munduko ehun herrialdetan erabil daiteke jada. Baina ez Europako Batasuneko herrialde gehienetan, ez baitago onetsia datuak babesteko arautegian.

Mark Zuckerberg Metako presidenteak berriki adierazi du helburua dela Threads-ek mila milioi erabiltzaile baino gehiago izatea. «Nahiz eta horrek bere denbora beharko duen».

Threads hitzak hariak esan nahi du ingelesez. Haren interfazea Twitterrek duenaren oso-oso antzekoa da. Bestalde, Instagramekin lotua dago: Threads erabiltzen duenak Instagrameko kontu bera erabil dezake —erabiltzailearen izen eta argazki bera ageri dira sare sozial berrian—. Gainera, lehendik Instagramen jarraitzen diren kontuei automatikoki jarraitu ahal zaie Threads sare berrian. Testuak idazteko orduan, mezu bakoitzaren muga 500 karakterekoa da. Argazkiak eta bideoak —bost minutu artekoak— txerta daitezke mezuetan.

Twitterren gertatzen den moduan, erabiltzaileak jarraitzen dituen kontuen mezuak edo hariak agertuko dira pantaila nagusian. Eta argitaratzen diren mezuak erraz zabaldu daitezke, erantzunak jaso daitezke, eta beste erabiltzaileek like edo bihotza eman diezaiokete mezu bakoitzari.

Dena den, erabiltzaileek aukera dute kontrolatzeko nork aipatzen dituen edo nork erantzuten dien. Instagramen blokeatzen diren kontuak ere automatikoki blokeatuta agertuko dira Threads sare berrian.

Threads sareak Instagramen argibide berak ditu, «segurtasuna eta pribatutasuna» bermatzeko asmoz. Hain zuzen ere, Twitterren sortzaile Jack Dorseyk eta konpainiaren jabe Elon Muskek salatu dute Threadsek erabiltzaileen «datu delikatu» guztiak bilduko dituela, osasun egoera, finantzak eta kontaktuak, besteak beste.

Threadsek ActivityPub protokoloa integratuko du hemendik gutxira. Horri esker, luze gabe Mastodonekin eta Interneteko beste sare sozial deszentralizatu batzuekin konektatzeko aukera izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.