Ibilkari zena Mendia da orain. BERRIA egunkariak eraberritu egin du mendiari eskainitako webgune berezia, eta, gaurtik aurrera, izen berriarekin topatuko dute mendizale euskaldunek. Bertan, hiru leiho nagusi egongo dira: mendiko aktualitatearen ingurukoak —mendiko euskal kirolarien jarduera eta Euskal Herrian antolatutako jarduerak—; mendiaz gozatzeko ibilbideak —500 ibilbide baino gehiago daude, eta adituen eskutik gehiago jarriko dituzte—; eta mendiaz gozatzeko proposamenak eta gomendioak.
Ramon Olasagasti kazetaria arduratuko da webgune horretako edukiak koordinatzeaz. «Mendiarekin eta mendiko kirolekin lotura duten albisteen gune bat izango da», iragarri du Olasagastik. «Bai Euskaldunon Egunkaria-n, bai BERRIAn, toki nabarmena eskaini izan zaio mendiari. Horretan jarraitzen du paperean, eta Interneten ere beste plus bat eman nahi dugu». Paperean lekua izango ez duten albiste batzuk ere kanal digital horretan jasoko dituzte. Esaterako, mendi taldeek eta federazioek sortzen dituzten albisteak bilduko dituzte Mendia kanalean. Agenda osatuko dute horrela. «Mendiari erreparatzen diotenen eta mendizaleen topagune moduko bat izango da, sarekoa», azaldu du Olasagastik.
Hainbat urtez, mendiko gaien berri eman zuen Olasagastik Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAren lehen urteetan. Azkeneko urteetan, eguneroko prentsatik aparte ibili da, baina gogoz itzuli da BERRIAra. «Urteotan jarraitu dut mendiari lotua egoten. Aukera hau eskaini didatenean, erronkatzat hartu dut, mendiko informazioak Interneten bultzada izan dezan».
Hemendik gutxira, kanalak bere posta elektroniko propioa izango du. Hartara, mendizaleek proposamenak edo eskaerak egin ahalko dituzte. BERRIAk asteroko buletin bat sortuko du aurki, mendizaleek posta elektronikoz mendiarekin lotutako albisteak jaso ditzaten. «Buletin horren bitartez, hartu-emana izan ahalko dugu irakurleekin». Ekitaldiak iragartzeko tarte bat ere zabalduko dute modu horretan.
BERRIAlagun mendizaleak
Era berean, Olasagastik nabarmendu du BERRIAren oinarri nagusia irakurleak, harpidedunak eta BERRIAlagunak direla. «Badakigu haietako asko mendizaleak direla. Haiei begira eta haientzat sortu dugu Mendia kanala. Aintzat hartzekoa da mendiarekin lotutako albisteek harrera ona izan ohi dutela egunkarian. «Espero dugu ikusmin horri egoki erantzutea, eta BERRIAlagunekin batera aurrera egitea. Haiek egin ditzaketen iradokizunei eta ekar ditzaketen gaiei zabalik gaude: elkarrekin egin nahi dugu bidea».
Paperezko eskaintzak bere horretan jarraituko du: Unai Ugartemendiak egingo ditu elkarrizketak. Horretaz aparte, erreportajeak landuko dituzte. Eta ibilbideen atalari eutsiko diote, adituei esker. Ibilbide horiek kanalean jarriko dituzte, eta bilaketak egiteko hainbat aukera egongo dira.
Ikusi gehiago:Mendia kanala
Mendiari eskainitako kanal digitala martxan jarri du BERRIAk
Albisteak, ibilbideak eta proposamenak bilduko dituzte. Ramon Olasagastik koordinatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu