'Memoria eraikiz' dokumental sorta emango du ETB1ek gaurtik hasita

Lau gai landuko dituzte, eta podcastak eta bideopodcastak ere egingo dituzte datozen asteetan

Naiara Zamarreño hizketan, Ahots beldurraraziak atalean. ETB.
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Memoria, bizikidetza eta giza eskubideen sustapena bultzatzeko asmoarekin, Memoria eraikiz proiektu transmedia abiatu dute; hori da EITB taldearen eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora institutuaren arteko aliantzaren lehen fruitua. ETBk dokumental saio bat emango du, euskaraz eta gaztelaniaz, eta EITB Podkast atarian zenbait podcast eta bideopodcast sareratuko dituzte. New Media ekoiztetxeari eman diote enkargua.

Memoria eraikiz dokumental saioaren aurreneko atala ETB1ek estreinatuko du, gaur, 22:30ean. Ahots beldurraraziak izenburuko dokumentalean, urte luzez mehatxupean eta eskoltarekin bizi izan ziren PP eta PSE-EE alderdietako zinegotzien eta haien senitartekoen testigantzak bilduko dituzte. Aditu eta politikari ohiekin gaiaren inguruko solasaldi bat ere egingo dute, euskal gizarteak egoera horretan hartu zuen jarrera ulertzeko asmoz.

Gaur bertan, dokumental saioaren atalari dagokion podcasta estreinatuko dute EITB Podkast atarian. Jesus Artetxe kazetariak gidatuko ditu podcast horiek.

Bestetik, dokumental saioaren lehen bi gaiekin bideopodcastak egingo ditu Julen Hernandez youtuberrak. Hausnarketarako tarte bat zabalduko du, belaunaldi berrietako gazteei ahotsa emanez. Gazteek gertaera haiei buruz zer ikuspegi duten jakitea izango du helburu podcastak, eta eztabaidarako bidea irekitzea.

Gazteen iritziak biltzen dituen bideopodcast bat egingo dute, esaterako, dokumental saioaren bigarren ataleko gaiari buruz: Euskal rock erradikala?! Garai hartako euskal rockaren abestien hitzak aztertuko dituzte, gaur egungo ikuspegitik. Solasaldi bat ere izango du dokumentalak gaiaren inguruan.

Hirugarren atalak Ahanzturatik ateratzen izenburua darama: polizia indarkeria izango du ardatz. Uztailaren 28ko 12/2016 legeak aitortutako hiru biktimaren bizipenak gogora ekartzearekin batera, kasu horien ebaluazio batzordea osatu duten aditu, auzitegi mediku, psikologo eta arduradunen lekukotzak jasoko ditu.

Laugarren eta azkeneko atala Emakume fusilatuak. Oroimen absentea izango da. 36ko gerran fusilatu eta hildako emakumeez hitz egingo dute, Juana Mir kazetariaren istorioa abiapuntu hartuta. 36ko gerrako datu basea genero ikuspegitik aztertuko dute. Orain arte ia ikusezinak izan diren mila emakume ingururen kasuak argitara atera ditu datu base horrek.

Dokumental saioa ETB2 katean ere emango dute, hilaren 29tik aurrera.

Halaber, proiektuak Eitb.eus-en izango duen webgune berezian —Eitb.eus/memoriaeraikiz— emanaldi bakoitzeko gaiak landu eta atal bakoitzeko testigantzak, bideoak eta argazkiak jasoko dituzte. Halaber, EITB Nahieran plataforman ikusgai izango dira eduki guztiak. Egitasmoak askatasun, berdintasun eta giza duintasun balioak leheneratzea eta sustatzea du xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.