Espainiako telebista talderik handienek eta ETBk denboraldi hasierako berrikuntza batzuk aurkezteko baliatzen dute urtero Gasteizko FesTVal jaialdia, baina azkeneko urteetan ez da Mediaset taldearen kasua izan. Lehen sei urteetan, Mediasetek parte hartu zuen jaialdian, baina 2015ean uko egin zion han izateari, eta azkeneko zortzi aldietan ez da izan Arabako hiriburuan. Estrategia aldatzen ari da azkeneko asteetan Mediaset, eta aurten FesTVal jaialdian parte hartuko du. Joseba Fiestras jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, horrek eragina izango du jaialdiaren iraupenean: aurten sei egunekoa izango da, irailaren 4tik 9ra. Eta irailaren 3tik hainbat telebistatako gonbidatuak egongo dira Gasteizen.
Mediasetek Cuatro kateko En busca del Nirvana saio berria aurkeztuko du jaialdian. Reality Queens nazioarteko formatuaren egokitzapen bat da, eta, kasu horretan, lehiakideak Nepalera joango dira. Interneteko sare sozialetan murgilduta dauden hamar pertsona izango dira reality-ko protagonistak, eta haien asmoa izango da beren burua topatzea. Abentura umorez beteta egongo dela iragarri dute.
Atresmedia taldeak, bestetik, Unax Ugalde aktorearen (Gasteiz, 1978) telesail berria eramango du jaialdira: Entre Tierras. 1960ko hamarkadan girotutako drama emozionaltzat jo dute. Ugalderekin batera, Megan Montaner izango da aktore protagonista.
ETBk 'La Caza' eramango du
ETBk denboraldi berriaren aurkezpena egingo du Gasteizen, irailaren 6an, jaialdiaren testuinguruan. Bi egun lehenago, 4an, La Caza: nada es lo que parece abentura reality berriaren aurrestreinaldia egingo dute (ETB2). Euskal Herriko hainbat natur eremutan ari dira grabatzen. Lehiaketa fisikoa eta muturrekoa da, eta aurkezlea Juanma Lopez Iturriaga izango da; Lopez Iturriagak aurkeztu izan ditu beste saio batzuk ETB2 katean.
Movistar Plus plataformak Bose Renacido izeneko dokumental saioa aurkeztuko du Arabako hiriburuan. Miguel Bose kantariak ahotsa jarriko die bere bizitzako une garrantzitsu eta zailenei.
RTVEk Masterchef Celebrity saioaren zortzigarren edizioa aurkeztuko du Gasteizen.
AMC Networks ordainezko kanalak, berriz, Conquistadores, Me voy a comer el Mundo eta Buena gente programen lehen atalak eskainiko ditu jaialdian. Dokumental berri batzuk ere aurkeztuko ditu kanalak.
Proiekzio bereziak ere izango dira jaialdian: Victor Erize zinemagilearen (Karrantza, Bizkaia, 1940) El Sur filma pantaila handian ikusi ahalko da, estreinaldia egin zenetik 40 urtera.
2023ko Joan Ramon Mainat saria Carlos Sobera Barakaldoko (Bizkaia) aurkezleari emango diote, baita Sonsoles Onega kazetariari eta Jose Mota umoristari ere. Constantino Romero Saria, berriz, Jose Maria Garcia irrati esatariak jasoko du.
Mediaset taldea Gasteizko FesTVal telebista jaialdira itzuliko da
Jaialdiaren hamabosgarren aldia irailaren 4tik 9ra egingo dute. Carlos Sobera sarituko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu