Mediaprok eta TF1ek Telefoot futbol katea sortuko dute udan

Bixente Lizarazu izango da esatari nagusietako bat. Frantziako Ligako partidak emango ditu

Bixente Lizarazu jokalari ohia lagunarteko partida batean, 2018ko ekainean, Parisen. HERVE RANCHIN / EFE.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Kataluniako Mediapro ekoiztetxeak eta TF1 kate pribatuak bat egin dute futbolari eskainitako telebista kate berri bat sortzeko. Abuztuaren 1ean hasiko ditu emankizunak Telefoot kateak, eta Frantziako Liga izango da programazioaren ardatz nagusia. Izan ere, astero lehen mailako bederatzi partida eta bigarren mailako zortzi lehia emango ditu kateak.

Telebista berriaren izena TF1eko igande gauetako futbol saioaren berbera da —Telefoot programa 1977an sortu zuten, eta 43 urtez mantendu da katearen programazioan; formatua eraberrituz joan da—.

Frantziako Ligako partidak emateaz gain, Telefoot kateak erreportajeak eta eztabaida saioak emango ditu, baita futbolarekin lotutako askotariko analisiak ere. Zeregin horretan arituko dira makina bat kazetari eta aditu, tartean Bixente Lizarazu jokalari ohia (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1969). Igande gauetan, Lehen Mailako partidetako esatari arituko da Lizarazu, Gregoire Margottonekin batera.

Telefoot kateak TF1eko zenbait saio emango ditu: League 1 magazina, Telefoots vintage saioa eta Telefoot beteranoaren eguneroko bertsio bat.

Jaume Roures Mediapro taldeko arduradunak eta Julien Bergeaud Mediapro Sport Franceko zuzendariak nabarmendu dute TF1ekin lortutako aliantza naturala dela, eta «teknologia arloko abangoardia» futbolaren zerbitzuan jarriko dutela. TF1eko arduradunek, berriz, esan dute Telefoot aukera ona izango dela marka hori sustatzeko eta «balio erantsia» duten kirol edukiak sortzeko.

TF1 taldeak bost kate ditu irekian, eta beste lau gaikakoak eta ordainekoak. Hamar herrialdetan aritzen da konpainia. Eta iaz 2.337 milioi euroko diru sarrerak izan zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.