Hamargarren urteurrena ospatzeko, Mediabask-ek zenbaki berezia argitaratu du. Gara egunkariaren 25. urteurrenarekin bat egin du efemeride horrek, eta ospakizun handia dute gaur Baionan: jaialdi bat egingo dute Lauga gelan, eta Errobi eta Xutik taldeek joko dute bertan —19:30ean hasiko da jaialdia—.
Urtarrilaren 1ean beteko dira zehazki hamar urte Mediabask l'Hebdo hedabideak bidea hasi zuenetik. Gaur egun, 3.000 ale argitaratzen dituzte. 2025. urterako, bestalde, hainbat ezusteko prestatu dituzte irakurleentzat. Urtarriletik aurrera, Mediabask-ek artxibotik ateratako artikuluen hautaketa bat egingo du, astero. Horrela, berreskuratzen saiatuko dira hamar urteotan politikak, kulturak, gizarte gaiek eta kirolak eman dutena. Gainera, hamar eztabaida egingo dituzte zenbait herritan: lehena urtarrilaren 30ean egingo dute, Maulen; bigarrena, otsailaren 21ean, Baionan. Eztabaida horiek Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan eginen dituzte. Egunak zehaztu ahala, Mediabask.eus atarian jakinaraziko dute noiz eta non izango diren eztabaidak.
Bestetik, Dab+ irrati digitalean programazioa abiaraziko du Mediabask-ek 2025. urtearen bigarren seihilekoan: Radio Mediabask. Bi langile ariko dira irrati eskaintzan beharrean, lanaldi osoan.