Parisko Olinpiar Jokoak eguneko 24 orduetan ikusi ahalko dira Max streaming plataforma berrian. Ameriketako Estatu Batuetan iazko maiatzean jarri zuten martxan Max, HBO Max eta Discovery Plus plataformek bat eginda. Udaberri honetan, Warner Bros Discovery konpainiak Europako 25 herrialdetan baino gehiagotan zabalduko du ordainpeko plataforma berria. Hego Euskal Herrian maiatzaren 21ean jarriko dute martxan, eta aste batzuk geroago Ipar Euskal Herrian. HBOren Warnerren eta Discoveryren edukiak biltzeaz gain, Max-ek Eurosport kanalaren edukiak ere izango ditu katalogoan; hortaz, Parisko Olinpiar Jokoak plataforma berri horretan emango dituzte.
Hiru harpidetza mota izango ditu Max plataformak: oinarrizkoa, iragarkiekin; estandarra, iragarkirik gabe; eta Premium. Gainera, kirolen osagarri bat kontratatu ahalko dute harpidedunek. Osagarri horren eskaintzan, Frantziako Tourra, Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta izango dira, baita tenis txapelketa garrantzitsuenak ere. Horien prezioak zein izango diren ez dute argitu oraindik.
HBO Max plataformaren harpidetza duten herritarrek maiatzaren 21ean automatikoki izango dute Maxerako sarbidea, baina epe zehatz baterako.
Max plataformaren apusturik handienetakoa, bestalde, Harry Potterren liburuetan oinarritutako telesail garesti bat izango da.