Warner Bros. Discovery konpainiak iaz sortu zuen Max plataforma, Ameriketako Estatu Batuetan. Gaurtik aurrera, berriz, Hego Euskal Herrian eta Europako hainbat herrialdetan zabalduko dute Max marka —HBO Max plataforma ordezkatuko du, eta aurretik harpidedunak zirenek Max izango dute orain—. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hemendik aste batzuetara abiaraziko dute.
Lehen HBO Maxen zeuden edukiak izango dira ikusgai Max plataforman, baina baita Discovery taldekoak eta Eurosport katekoak ere. Hain zuzen ere, Parisko Olinpiar Jokoak Max zerbitzuan emango dituzte —Hego Euskal Herrian TVEn ere ikusi ahalko dira—. Roland Garros tenis txapelketa ere emango du datozen egunetan Max plataformak.
Madrilen hainbat saio propio ekoizten ari dira Max plataformarentzat: Pekin Express abentura lehiaketa, Naked Attraction izenekozita saioa, eta Cuando nadie nos ve —zuzendaria Enrique Urbizu da—, Pubertat eta Furia telesailak. Ekainaren 17an, House of the Dragon telesailaren bigarren denboraldia estreinatuko du Maxek.
Bestalde, ekainaren 11n hasita, Amazon Prime Video plataformaren barne ere kontratatu ahalko da Max. AEBetan, egunotako albistea da streaming plataforma indartsuenek bat egingo dutela, eta harpidetza sortak eskainiko dituztela: batetik, Disney Plus, Max eta Hulu elkarrekin; eta, bestetik, Netflix, Peacock eta Apple TV Plus batera. Ez dute argitu eskaintza horiek noiz iritsiko diren Europara.