Martxoaren 8ko greba eta Altsasukoak protagonista Topaturen urtekarian

Gazte mugimenduaren berri ematen duen ataria dirua biltzen ari da, papereko agerkaria ateratzeko

Maddi Ane Txoperena Topatu.eus atariko kazetaria, iazko urtekariarekin. TOPATU.EUS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
«Iaz esperimentua egin genuen, eta oso ongi atera zela ikusi genuen», esan du Maddi Ane Txoperena Topatu.eus guneko kazetariak. Gazte mugimenduaren inguruko berriak jorratzen ditu Interneteko agerkariak, eta iaz, lehen aldiz, paperezko urtekaria argitaratzea erabaki zuen. «Gustura geratu ginen egin genuen liburuxkarekin, eta jendeak oso ondo erantzun zion dirua biltzeko egin genuen kanpainari». Aurten bigarrena argitaratzeko prestatzen ari da Txoperena, eta Kaxa izena jarri diote egitasmoari.

Sei erreportaje «sakon»izango ditu Kaxa 2017-2018 urtekariak, kazetariak azaldu duenez. Mugimendu feminista izango da erreportajeetako baten protagonista, eta, besteak beste, martxoaren 8ko grebak izaniko «arrakasta» landuko dute. Beste gaietako bat, Altsasuko (Nafarroa) gazteen afera izango da, «epaiketa izan delako, eta mobilizazio oso jendetsuak egin direlako Iruñean eta Euskal Herri osoan, eta horietan gazteak izan direlako protagonista». Horrez gain, gaztetxeen inguruan egin dute beste erreportaje bat, Iruñeko Maravillas gaztetxearen auziak lortu duen oihartzunarengatik.

Gazte Telebista sortzeko egitasmoaren inguruko lan bat argitaratuko dute urtekarian, gazte sortzaileei buruzko beste erreportaje bat eta, azkenik, gazteen lan baldintzen eta etxebizitza lortzeko zailtasunaren inguruko lan bat, «datuetan oinarrituta».

Etxeko uzta atalean, besteak beste, Topatu.eus-ek eginiko bideoetarako loturak argitaratuko dituzte, QR kodeen bitartez.

Sarea osatzen

Komunikazioaren esparruan dabiltzan gazteen sare bat osatu nahian zebiltzala adierazi zuten Topatu.eus-eko kazetariek iaz. «Horretan aurrera egin dugu, eta urtekaria bada horren froga, sare horrek egin duelako», esan du Txoperenak.

Sareko kideek idatzi dituzte erreportajeak, eurek egin dituzte argazkiak eta baita iritzi artikuluak ere. «Urtekaria egitasmo kolektibo samarra izan dela esan dezakegu. Ikusten ari gara forma hartzen ari dela sare hori».

Gazte mugimenduak «erantzuteko dinamika» utzi eta fase sortzaile batean sartu zela esan zuten aurreko urtean Topatu.eus-eko behatzaileek. Iaz, horren «lehenengo botea» egin zutela esan du Txoperenak, eta, aurten, horretan «sakontzen» jarraitu dutela. Gazte Telebista eta neska feministek sorturiko egitasmoak, etxebizitzaren inguruko proiektuak zein lan esparrukoak jarri ditu adibide.

Kaxa Durangoko Azokarako plazaratuko dute, baina badago aukera ale bat gordetzeko, ekarpenaren bidez. Itsulapikoa.eus plataforman ari dira dirua biltzen. Aurten 1.500 euro behar dituzte, «inprimategi gastuak berdintzeko». Atzoko, 700 euro baino gehiago zituzten bilduak. Ekarpena egiten duenak bi euro merkeago eskuratu ahalko du urtekaria (8 euroan). Horrez gain, taldeka erosteko aukera emango dute Topatu.eus-ekoek, «gaztetxe edo gazte mugimenduetan errazago eskuratu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.