BERRIA Ikasgelak ikasleentzako sariketa bat antolatu du bigarren urtez. Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan nahiz Lanbide Heziketan ari diren ikasleek parte hartu ahalko dute, eta sariketara aurkezten den ikasgela bakoitzak izango du saria eskuratzeko aukera. Ikasgela bakoitzetik lan bat jasoko dute —euskaraz izan beharko du—.
Martxoaren 31 izango da lanak bidaltzeko azkeneko eguna. Helbide elektroniko honetara bidali behar dira lanak: [email protected]. Apirilaren 28an erabakiko da nor den sariduna, eta apirilaren 30ean argitaratuko da BERRIAn eta BERRIA Ikasgelan. Euskarazko egunkarian lanean ari den erredakzioko talde batek egingo du hautaketa. Horrez gain, erredakzioak hautatutako lanak maiatzean argitaratuko dira BERRIA Ikasgelan.
Zer lan argitaratuko dira? Gai eta estilo askotako albisteak, gertaerak, galderak eta eztabaidak jorratzen dituzten komunikazio lanei egin nahi die tokia BERRIA Ikasgela sariketak. Ikasleek erreportajeak, kronikak, elkarrizketak eta iritzi artikuluak bidali ahalko dituzte. Gainera, idatzizko testuak, audioak zein bideoak izan daitezke. Era berean, ikasturte honetan ikastetxe bakoitzaren aldizkarian argitaratu diren artikuluak edo sareetan zabaldutako ikus-entzunezko lanak ere aurkez daitezke.
Sariketaren bitartez, BERRIA Ikasgelak herritar guztien eskura jarri nahi ditu ikasturteak iraun bitartean ikasleek landu dituzten lanak. «Hain zuzen ere, ikasle gazteen begiradak ekarri nahi ditugu BERRIAren komunitatera, aktualitateari, inguruari eta munduari buruzko begiradak, besteak beste», azaldu dute BERRIA Ikasgelako arduradunek.
Aurkezten diren lanen artean, zozketa bat egingo dute, Otxandio-Oleta Hontza Extrem abentura parkera joateko (Bizkaia). Saria ikasgela osoarentzat izango da.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak babestuko du sariketa.
Oharrak
Sariketaren antolatzaileek hainbat ohar helarazi nahi dizkiete lanak bidaltzeko asmoa dutenei: Youtube, Ivoox eta antzeko plataformetan dauden ikus-entzunezko lanak bistaratuko dituzte Ikasgelaren webgunean, eta idatzizko lanak PDF formatuan jasoko dituzte. Lan bakoitzari azalpen testu labur bat gehitu behar zaio [email protected] helbidera bidali aurretik. Irakasleek bidalitako lanak hartuko dira balekotzat.
Iaz, Andoaingo (Gipuzkoa) Leizaran institutuko DBH 1eko D eta E gela osoak izan ziren irabazle BERRIA Ikasgelaren sariketan. Astronomo bati eta arkeologo bati elkarrizketa egitea zen ikasgelaren erronka. Hamar ikastetxek aurkeztu zituzten lanak sariketara: orotara laurogei lan.