Martxan da Euspot euskarazko 'spot' lehiaketaren hamalaugarren aldia

Gazteen arteko harremanari buruzko iragarki bat osatu beharko dute parte hartzaileek; maiatzaren 26ra arteko epea izanen dute.

Euspot lehiaketaren aurkezpena, atzo, Aretxabaletan. EUSPOT
Euspot lehiaketaren aurkezpena, atzo, Aretxabaletan. EUSPOT
Iratxe Muxika
2025eko otsailaren 4a
05:00
Entzun

Zer da laguna izatea? Galdera horri jarraikiz abiatu dute Euspot lehiaketaren hamalaugarren aldia. Euskarazko iragarkien lehiaketa bat da Euspot, eta horixe da, hain zuzen ere, parte hartzaileek egin beharko dutena: euskarazko 30 segundoko iragarki bat. 2012an estreinatu zuten egitasmoa, euskal sormenari babesa eta indarra emateko. Gazteek ikus-entzunezko munduarekin duten lotura ikusita, lehiaketaren egileek haiengana gerturatzeko ahalegina egin dute, eta gaia ere haien hurbilekoa hautatu dute: gazteen arteko harreman osasuntsuak eraikitzeko beharra. 

Iragarkian, Zer da laguna izatea? galderari erantzun beharko diote, eta, bide batez, gazteen arteko harreman osasuntsuak sustatu beharko dituzte. Dena dela, Euspot ez da espresuki gazteentzako lehiaketa bat, adin eta ezaugarri orotariko jendeak har dezake-eta parte. Irudimena garatzea eta sormena lantzea eskatzen zaie parte hartzaileei, 30 segundoan ahalik eta bideorik emankorrena sor dezaten. Bideoak, bere horretan, eragin egin beharko du; alea jarri. Lehiaketaren egileek berebiziko garrantzia eman diote harreman osasuntsuen gaiari, haien aburuz ezinbertzekoa baita gazteen artean harremanen gaineko irudi osasuntsua garatzea. Nerabezaroan pisu handia hartzen dute lagunek, baina batzuetan ez da erraza harreman horietan moldatzen, eta, hain justu, hortik bideratu nahi dute iragarkia. 

Sei sari emanen dituzte guztira: lau sari nagusi eta bi gehigarri. Iragarkirik onenaren saria 1.000 eurokoa da, publikoaren saria 500ekoa, gazteen saria —hemezortzi urtetik beheiti— 500ekoa, eta musika sinkronizazio onenaren saria 300 eurokoa. Gehigarrietan, Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onenak 500 euro irabaziko ditu, eta Arizmendiko ikasleen iragarkirik onenak, berriz, 250. 

Formakuntza saioak

Iragarkiak egokiro sortzeko, formakuntza saioak eskainiko ditu Euspotek. Ikus-entzunezko publizitatearen ingurukoak izanen dira saioak, eta ikastetxeetara bertara joanen dira hezitzaileak. Lehiaketan parte hartzera animatzeaz gain, formakuntza saioek helburu didaktikoa beteko dute, guztiek eduki dezaten sormena garatzeko eta proiektu bat sortzeko aukera. Azkeneko urteetan 5.000 ikasle inguruk jaso dituzte formakuntza saioak. Lehiaketan parte hartzeko, hainbat baldintza eta ezaugarri bete beharko dira; ikusgarri daude Euspot-en webgunean. Epeei dagokienez, parte hartzaileek maiatzaren 26ra arte aurkeztu ahal izanen dituzte lanak, eta iragarkiaren formatua librea izanen da: horizontala edo bertikala.

Elkarlanean antolatutako lehiaketa da Euspot: Aretxabaletako Udala, Arteman Komunikazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Arizmendi Ikastola aritu dira lanean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.