Martxan da BERRIAren Whatsappeko kanala

Esteka baten bitartez aurkitu ahal da. Sartu, jarraitu eta kanpaitxoa aktibatuz gero, Whatsappez jaso ahalko dira jakinarazpenak

Eguneko artikulu nabarmenduak jaso daitezke Whatsappeko kanalean. BERRIA.
Erredakzioa
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
BERRIAren edukiak Whatsappez jasotzeko aukera dago atzotik. BERRIAk Whatsappeko kanal bat sortu du, eta kanal horri jarraitzen diotenek sakelakoan jasoko dituzte erredakzioan aukeratutako eduki batzuk: eguneko artikulu nabarmenenak, azken ordukoak, podcasten azken atalak eta bideo ikusgarrienak, besteak beste. Irailean sortu zituen Whatsappek kanalak, eta lehen asteetan gutxi batzuen eskura egon badira ere, joan den astean zabaldu zien aukera hori erabiltzaile gehiagori.

Whatsappen erabiltzaileak oraingoz kanalaren estekaren bitartez aurkitu ahal izango du kanala. Metak egiaztatzen duenean,bilatzailearen bidez ere aurkitu ahal izango da. Modu batera edo bestera, kanalean sartu eta Jarraitu klikatu behar da edukiak sakelakoan jasotzeko. Horrez gain, kanpaitxoa aktibatuz gero, bidalketa bat dagoen aldi bakoitzean jakinarazpen bat iritsiko da sakelakora.

Kanalean soilik BERRIAk idatzi ahal izango du, eta irakurleek euren erreakzioa gehitu ahal izango diote bidalketari. Erabiltzaileek Whatsappeko bere kontaktuekin partekatu ditzakete kanaleko edukiak, Whatsappeko beste edozein edukirekin egiten den moduan, birbidaliz.

Ez BERRIAk eta ez kanalaren beste erabiltzaileek ere ez dute ikusterik izango bere agendako kontaktuetan ez dauden kanaleko jarraitzaileen telefono zenbakirik, ez eta izen-abizenik edo argazkirik ere.

Telegrameko kanala

Telegrameko kanalen funtzionamendu bera dute Whatsappekoek. BERRIAk 2019ko maiatzaren 22an sortu zuen Telegrameko kanala, eta gaur egun 6.600 harpidedun baino gehiago ditu. Bi kanal horiekin edukiak beste euskarri batean eskaintzea da BERRIAren helburua.

Gainera, BERRIAk, Telegrameko kanalean bezala, lengoaia propioa erabiliko du Whatsappen, zuzenagoa eta informalagoa. Horregatik, emotikonoak eta kazetaritzan ezohikoak diren formulak baliatuko ditu eduki horiek zabaltzeko: bigarren pertsona, ateraldi bat, txiste bat, efemeride bat, ironia, sormena, hitz berri bat, bertsoak...

Whatsapp eta Telegram erabiltzeaz gain, X, Facebook, Instagram, Youtube eta Tiktok ere erabiltzen ditu egunkariak bere edukiak irakurleei helarazteko. Xko kontua —Twitter zen lehen—, 2007an sortu zuen BERRIAk, eta jarraitzaile gehien dituen euskarazko kontua da: ia 90.000 dauzka. Facebookeko orrialdeak 35.000 jarraitzaile ditu. Instagrameko kontua 2015eko Korrikarako sortu zuen BERRIAk, eta 25.000 erabiltzailek jarraitzen dute. Egunkariaren Youtubeko kontua 3.780 erabiltzailek jarraitzen dute. Whatsappeko kanalaren aurretik sortutako azkena Tiktok sare sozialekoa izan da. Aurtengo martxoan sortu zuen BERRIAk, bideo bertikalak sareratzen ditu, eta 1.600 erabiltzailek atsegin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.