Podcast bat baino, pozkasta egiten hasi dira Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoristak. Harpa jotzen izena jarri diote egitasmoari, eta, astelehenetik aurrera, bi astean behin sareratuko dute, EITB Podkast atarian eta ohiko audio plataformetan. Zortzi atal grabatu dituzte, Hiru Damatxo ekoiztetxearen laguntzaz. Soinu teknikaria Iñigo Etxarri da.
Podcastak bi zati izango ditu: lehenengoan, gai jakin baten inguruko solasaldia egingo dute bi gidariek. Besteak beste, honako gai hauek landuko dituzte umorezko tonuan: barrea, kuadrilla, sexua, lo egitea, mendia eta euskara. Bigarren zatian, gai horren inguruko elkarrizketa «xelebrea» egingo diote gonbidatu bati.
Asteleheneko estreinaldian, lehen gonbidatua Bea Egizabal aktore eta bakarrizketaria izango da. Hauek izango dira hurrengo elkarrizketatuak: Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria, Jon Plazaola aktorea, Manu Etxezortu Euskadi Irratiko esataria, Iñigo Antsorregi ETBko Biba zuek! saioko gidoilaria, Aitziber Garmendia aktorea, Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea eta Joxe Rojas Tokikomeko IKT eta komunikazio zuzendaria.
Podcastaren aurkezpena Donostian egin zuten, atzo, EITBren Miramongo estudioetan. «Elkarrizketatuei harrera gure estiloan egingo diegu: harpa jotzen», iragarri zuen Torregaraik. Martiarenaren arabera, «biktimak eta konplizeak» izango dira podcasteko gonbidatuak. «Ezagutzen gaituzte». Ordu erdi inguru iraungo du atal bakoitzak. «Erraz entzutekoak dira», esan zuen Martiarenak. «Gainera, beste podcast batzuei ziria sartuko diegu».
Torregaraik nabarmendu zuen solaserako gaiak ez direla denak kontu mardulak izango: «Gauza txikiekin gozatu nahi dugu». Bestetik, umoristak azaldu zuen sare sozialetan atalek zabalpena izatea nahi dutela. Horretarako, #Harpajotzen traola sustatuko dute.
Podcastaren irudian, harpa bat ageri da. Podcastaren irudia edo logoa, berriz, Unai Gaztelumendi marrazkilariak sortu du.
«Umore faltan»
Aurkezpenean, EITB Podkasteko koordinatzaile Ainhoa Etxebestek eta EITBko Audio eta Digitaleko zuzendari Maite Goñik ere parte hartu zuten. Etxebestek azaldu zuen ari direla EITB Podkast edukiz betetzen: «Baina Euskal Herrian umorez urri samar ez ote gabiltzan iruditzen zaigu, eta edukietan horren falta sumatzen genuen». Goñik, era berean, Euskal Herria «umore faltan» ez ote dagoen esan zuen: «Martiarena eta Torregarairen proposamena jaso genuenean, horren bila genbiltzan. Umorearen haria indartu nahi dugu», nabarmendu zuen Goñik. «Gainera, Martiarena eta Torregarai oso ezagunak dira euskararen ingurunean, han eta hemen bakarrizketak eta aurkezpenak egiten baitituzte. Barre egin nahi dugu haiekin».
Martiarena eta Torregarai 'Harpa jotzen' ibiliko dira podcast batean
EITBk astelehenean estreinatuko du umorezko podcasta. Zortzi atal izango dira, gonbidatuekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu