Zortzigarren urtez egingo dute telesailen kulturaren inguruko Crossover jaialdia Donostian, eta, aurreko urteetan bezala, solasaldiak, pantaila handiko proiekzioak, erakusketak eta bestelako ekitaldiak izango dituzte. Gaur aurkeztu dute aurtengo programazioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan.
Patxi Presa Crossover jaialdiaren sortzaile eta zuzendariak nabarmendu duenez, lau atal ditu jaialdiak: Ikusle Gonbidatua tartea, solasaldiak, estreinaldiak eta Fan Zone delakoa, zaleen tartea. Hilaren 24tik 29ra, telesailen zaleentzako askotariko ekitaldiak izango dira.
Bi estreinaldi berezi egingo dituzte Tabakalerako zinema aretoan: hilaren 27an, Carles Porta kazetari katalanak Movistar Plusentzat sortutako La caza del solitario dokumental sailaren lehen atala proiektatuko dute. Jaime Jimenez Arbe banku atrakatzailearen inguruko lan bat da, eta Nafarroako Castejon herrian izango da istorioaren abiapuntua, Jimenezek 2004an bi guardia zibil hil baitzituen han. Porta bera eta Jorge Ortiz ekoizlea aurkezpenean izango dira. Movistar Plusek iragarri du apirilaren 10ean estreinatuko duela true crime generoko lan hori.
Beste estreinaldia Mariliendre telesaila izango da: hilaren 29an, lehen atala proiektatuko dute Tabakaleran, eta han izango da Martin Urrutia aktorea (Getxo, Bizkaia, 2005), lantaldeko beste kide batzuekin batera. Telesail hori Atresmedia taldearena da, eta apirilaren 27an estreinatuko dute. Bi estreinaldi horietara joan ahal izateko, Crossover jaialdiaren webgunean eskuratu behar dira gonbidapenak; doan dira.

Beste bi telesailen proiekzioak ere egingo dituzte: hilaren 25ean, Twin Peaks telesailaren (1990) lehen atala ikusi ahalko da, eta solasaldi bat egingo dute Nacho Vigalondo zinemagilearekin eta Borja Crespo kultur kritikariarekin. Hilaren 27an, berriz, La vida breve telesailaren (Movistar Plus) atal bat proiektatuko dute. Tabakaleran izango dira bi emanaldi horiek ere.
Euskarazko ekitaldiak
Jaialdiaren aurreneko egunean, hilaren 24an, Desagertuta telesailen inguruko solasaldi bat egingo dute Santa Teresa komentuan, 18:30ean hasita. Telesail hori euskaraz eta gaztelaniaz filmatu dute, eta bi hizkuntzatan grabatzeak dituen zailtasunen inguruan hitz egingo dute Xabi Zabaleta Pausokako ekoizleak eta Ane Rot aktoreak. ETBko zuzendari Unai Iparragirrek ere parte hartuko du solasaldian, eta Nahia Sillero aktoreak gidatuko du mahai ingurua.

Hilaren 26an, Euskadi Irratiko Baipasa saioaren Zer ikusi atala Santa Teresa komentuan egingo dute, 17:00etan. Olaia Urtiagak gidatuta, han izango dira Gaizka Izagirre, Eider Saez eta Ibai Zabala.
Ikusle Gonbidatua atalean, bestalde, telesailen inguruko hogei minutu inguruko solasaldiak egingo dituzte, euskaraz. Hauek izango dira gonbidatuak: hilaren 24an, Caricature Resolution egitasmoko marrazkilariak (Mikel Antero, Dei Gaztelumendi, Unai Gaztelumendi, Josu Maroto eta Lindsey Olivares); 25ean, Mikel Iarza musikari eta Euskadi Irratiko kazetaria; 26an, Joseina Etxeberria Euskadi Irratiko Kantu kontari saioaren aurkezlea; 27an, Elena Caballero La Basu hip-hop kantaria; eta 28an, Yurre Ugarte gidoilari eta idazlea.
Ordainpekoa, soilik afaria
Ohi bezala, jaialdiko ekitaldi guztiak doakoak izango dira, bat salbu: hilaren 28ko Series Gourmet afaria. LABe-Tabakalera jatetxean egingo dute afari berezi hori, eta herritarrek afaltzen duten bitartean, Diego San Jose gidoilaria eta Arturo Valls aktorea telesailen inguruan ariko dira solasean.
Gainera, Caricature Resolution egitasmoko marrazkilariek karikaturen erakusketa bat jarriko dute Santa Teresa komentuan: hilaren 25etik maiatzaren 1era arte izango da ikusgai. Stranger Things, The Boys, The Walking Dead eta Fallout telesailen karikaturak ikusi ahalko dira.
Izango dira ekitaldi gehiago ere: Harkaitz Cano eta Marta Jimenez Serrano idazleek telesailetako bikote harremanez hitz egingo dute; La promesa telesailaren (Emmy sari bat jaso du) inguruko solasaldi bat egingo dute; adinkeriak emakumeengan duen eraginaz ariko dira Ane Gabarain, Ana Wagener, Mariola Cubells eta Maria Guerra; eta Las hijas de la criada eleberrian oinarrituta egiten ari diren telesailaz mintzatuko dira Lucia Alonso-Allende, Menna Fite, Sonsoles Onega eta Irene Rodriguez.
Urtero bezala, azken egunean, hau da, larunbatean, urteko uzta errepasatuko dute hainbat adituk, garagardo artean —tartean izango da Gaizka Izagirre BERRIAko kolaboratzailea—, eta, telesailen batailan, The Simpsons eta Family Guy animaziozko lanen artean hautatu beharko dute adituek eta entzuleek.
Crossover jaialdia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Kultur Factory kultur agentziak antolatzen dute.