Martxoan egin zuten prestigiorik handiena duten telesailen jaialdia: Series Mania. Eta Lillen (Frantzia) Alauda Ruiz de Azua zinemagilearen Querer telesailak lortu zuen sari nagusia. Series Mania baino koska bat beherago dago Canneseries jaialdia, baina, hala ere, badu sona, eta askotariko telesailak proiektatuko dituzte datozen egunetan Cannesen (Frantzia). Etzi hasi eta hilaren 29ra arte iraungo du nazioarteko jaialdiak.
Ostegunean, lehen egunean, The Madame Figaro saria emango diote Marie Colomb aktoreari. Gau berean, AEB Ameriketako Estatu Batuetako The Agency telesaila proiektatuko dute, lehiaz kanpo. Paramount estudioen telesail horretan, aktore protagonistak Michael Fassbender, Jeffrey Wright, Jodie Turner-Smith eta Richard Gere dira.
Sail Ofizialean, zortzi telesail izango dira aurten lehian: Thomas Seeberg Torjussenek sortutako A Better Man (Norvegia, Lituania); Malin-Sarah Gozinen Dood Spoor (Belgika); Pedro Eliasek eta Evelien Broekaertek sortutako How To Kill Your Sister (Belgika, Alemania); Marika Makaroff, Frog Stone eta Nina Honkanen sortzaileen L/Over (Finlandia); Jean Charles Hue, Olivier Prieur, Guillaume Gross eta Laurent Teyssier sortzaileen Malditos (Frantzia); Henriette Steenstrupek eta Siri Seljesethek sortutako Nepobaby (Norvegia); Handae Rheeren S Line (Hego Korea); eta Horour Runarson eta Birkir Blaer Ingolfsson sortzaileen Reykjavik Fusion (Islandia).
Zortzi telesail horien artean banatuko dituzte aurten Canneseriesko sari nagusiak. Epaimahaiko kideak honako hauek izango dira: Norman Reedus aktore, argazkilari eta errealizadorea; Louise Bourgoin, Caesar Domboy eta Lola Dueñas aktoreak; Soo Hugh gidoilari eta ekoizlea, eta Jeff Ruso musikaria.
Formatu laburren kategorian, honako telesail hauek lehiatuko dira: Rebound (Norvegia), N00B (Zeelanda Berria), Oh, Otto! (Belgika), Lost Media (Frantzia), Dorm No. 13 (Finlandia) eta M'infiltrer dans ta vie (Kanada).
Nicola Coughlan
Colombek etzi jasoko duen sariaz gain, jaialdiak iragarri du hilaren 28an Konbini Saria emango diotela Nicola Coughlan aktoreari (Galway, Irlanda, 1987). Aktore horrek ospe handia hartu du Netflix plataformako Bridgerton telesailean egindako lanagatik, baina egin izan ditu beste pertsonaia esanguratsu batzuk: Derry Girls telesailean egindakoa, kasurako.

Lehiaz kanpo, hainbat aurrestreinaldi berezi egingo dituzte Canneseries jaialdian: Mariano Vanhoof eta Nore Maatala sortzaileek Holy Shit! telesaila (Belgika) aurkeztuko dute; Phillippe de Shepper eta Bas Adriaensen gidoilarien The Big Fuck-Up (Belgika) ere lehen aldiz ikusi ahalko da Cannesen; Max plataformarentzat J. J. Abramsek eta La Toya Morganek sortu duten Duster (AEB) ere proiektatuko dute, baita Eli Jorneren The Walking Dead: Dead City (AEB) ere. Lehiaz kanpo proiektatuko dituzte, halaber, Pierre Lecciaren Plaine Orientale —Korsikan girotua— eta Le Comte de Monte-Cristo —Italiako RAIk eta Frantziako telebista publikoak ekoitzia—.
Dokumentalen kategorian, bestalde, honako lan hauek izango dira lehian: Fulgurée, quand la foudre ne tue pas (Frantzia), Hello Stranger (Belgika), In Real Life (Belgika), The Agent - The Life and Lies of my Father (Norvegia) eta The Nazi Cartel (Alemania).
Aurreko urteetan, Canneseries jaialdiak bat egiten zuen MIP TV nazioarteko ikus-entzunezko azokarekin, hiri eta data berean egin baitziren. Baina aurten MIP TV Londresera eraman dutenez, telesailen jaialdiak berak industriari eskainitako espazio propioa izango du hemendik aurrera.