Zuri-beltzezko argazki bat, 1970eko hamarkadaren amaierakoa. Donostiako Parte Zaharreko Konstituzio plaza edo Plaza Berria. Izkina batean udaltzain bat, bi mutiko hizketan, eta atzean Mariano Ferrer (Donostia, 1939-2019). Kazetaria pentsakor ageri da, behatzaile, kaleari begira. Argazki hori jarri dute Mariano Ferrer. El periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa liburuaren azalean. Kazetariaren begiek irudikatzen dute haren ahotsa.
«Ferrer zendu eta bi urtera, irrati esatariaren senide eta lagun batzuk elkartu ginen, haren ondareari jarraipena emateko. Talde txiki bat osatu genuen orduan», aipatu zuen Esther Ferrerrek, kazetariaren alabak, herenegun Donostiako aurkezpenean. Mariano Ferrerren Legatua izeneko lagun taldea osatu, eta egindako proposamen batek udako ikastaro batean eman zuen fruitua, iazko ekainean. Urtebete geroago, liburu batean bildu dituzte kazetari donostiarraren gertukoek ikastaro hartan esan zituztenak. Elixabete Garmendiak koordinatu du liburua, eta Ereinek kaleratu. Testuak euskaraz eta gaztelaniaz daude, ikastaroan ere hitzaldiak bi hizkuntza horietan egin baitziren.
Garmendiaren iritziz, kazetaritza eskoletarako material «bikaina» izan daiteke liburua. «Eta irakurgai interesgarria gure herriaren historia soziopolitikoa ezagutzeko». Ferrerren kazetaritzaren jomuga dago horietan. El Kiosko de la Rosi irratsaioko aurkezlearen alde pertsonala ere ageri da testu batzuetan. Esate baterako, SOS Arrazakeria taldeari ematen zion laguntzaz mintzatu zen Karlos Ordoñez —talde bereko kidea— ikastaroan, eta hala dago jasoa liburuan ere.
Garmendiak gogoratu duenez, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak iaz esan zuen Ferrerren biografia idatzi behar litzatekeela. Garmendiak aipatu duenez, jada badaude Imanol Murua Uriaren Mariano Ferrer. Lo que dije y digo liburua (Ttarttalo, 2011), eta orain Ereinek argitaratu duena. «Baina biografia hori idaztea falta da oraindik».
«Bake kazetaritza»
Iazko ikastaroan parte hartu zutenen artean, Bernardo Atxaga idazlea dago. Liburuaren aurkezpenean ere mintzatu zen: «Ferrerrek bi etsai zituen: isilkeria eta hizkuntzakeria». Isilkeria Ferrerrek diktadura garaian bizi behar izan zituenekin lotu du Atxagak. «Gaur egun, ordea, gero eta gehiago egin du aurrera hizkuntzakeriak, teknologia berrien eraginez». Asteasun (Gipuzkoa) jaiotako idazleak hala uste du: «Hizkuntzak berak gezurra dakar». Atxagak nabarmendu du Ferrerrek «sekulako lana» egin zuela irratian egunez egun; besteak beste, egunkariak aztertzen. «Zergatik sartu zen Mariano ofizio horretan? Ziur nago oinazeak izan zituela».
Ramon Zallo EHUko irakasle emerituak Ferrerren hainbat ezaugarri aipatu ditu: «Humanista hausnartzailea zen, politikaren analista, behatzailea, etadonostiarra izateaz harro zegoen». Ez zen garaiko ildo politiko jakin batekoa. «Humanista autodidakta zen, ezkertiarra, pertsona handia». Zallok zera nabarmendu du Ferrerren kazetaritzaz: «Gerra kazetaritzaren aurrean, bake kazetaritza egin zuten bakanetakoa izan zen. Propaganda baztertzen zuen, estereotipoak ere bai, eta ahotsa ematen zien ahotsik ez zutenei. Sendoak ziren haren oinarri etikoak». Irakasle emerituak garai batean egin zen «lubaki politikoetako kazetaritza» kritikatu du, eta Ferrerrena goraipatu.
Aipatutako Ferreren gertuko personenak ez ezik, beste lagun hauen hitzak ere jasoak daude liburuan: Sabino Ormazabal, Txemi Apaolaza, Maria Pilar Rodriguez, Txema Ramirez de la Piscina, Pedro Ibarra, Pilar Kaltzada, Imanol Murua Uria eta Leire Iturregi.
Esther Ferrerrek eskerrak eman dizkie liburuan parte hartu duten guztiei. Iazko ikastaroaren amaieran, Mariano Ferrerren Legatua taldekoek erabaki zuten lan hura baliatu behar zela. «Eta erraza izan zen liburua argitaratzeko erabakia. Baina ez da hain erraza izan aurrera egitea eta argitaratzea». Izan ere, mahai inguruak egokitu egin behar izan dituzte irakurketarako.
Izenburuari dagokionez, Ferrerren kazetaritzak ezaugarri eta definizio ugari ditu. «Baina gogoetazkoak laburbiltzen ditu denak, eta hori aukeratu genuen». Hala ageri da Ferrer azaleko argazkian ere, «behatzaile eta pentsakor».
Mariano Ferrer, kazetaritzan eta konpromisoan eredu
Iaz, Mariano Ferrer kazetariari eskaini zioten EHUren udako ikastaroetako bat, eta han esan zirenak liburu batean bildu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu