ETB

Maria Amundarainek irabazi du 'Sukaldarien liga'

ETB1eko saioaren lehen aldiko finala atzo gauean eman zuten. Amundarainek 25.000 euroko saria eraman du.

Maria Amundarain 'Sukaldarien liga' saioko irabazlea, atzo. ETB
Maria Amundarain 'Sukaldarien liga' saioko irabazlea, atzo. ETB
urtzi urkizu
2024ko apirilaren 3a
13:00
Entzun

Maria Amundarain Arzak jatetxeko (Donostia) partidaburuak irabazi zuen atzo gauean ETB1eko Sukaldarien liga lehiaketako finala. Horrenbestez, Zumaiako (Gipuzkoa) lehiakide hori da «Euskal Herriko sukaldaririk onena», programakoen arabera. 25.000 euroko saria jaso du Amundarainek. Hasiera-hasieratik zazpi sukaldari izarren artean egon den lehiakide bakarra izan da Amundarain, eta azken desafioan algekin kozinatutako legatzari esker eraman zuen saria.

Platerik onenetan bigarrena Eneko Ordorika Gernikako (Bizkaia) sukaldariak kozinatu zuen: legatza kokotxekin. Oier Bonetbeltxe Aiherrako (Nafarroa Beherea) sukaldariaren Koxkera legatza izan da hirugarrena. Jon Iñaki Sorarrain, Baladi Goiburu eta Jone Etxaniz hirukotearen aurkako taldeko desafioa irabazita iritsi ziren Amundarain, Ordorika eta Bonetbeltxe azken probara. Lehen proban, berriz, Ibai Karrera donostiarra gelditu zen finaletik kanpo. Bera izan zen zazpien artean sukaldari amateur bakarra, eta amuarraina gaizkien prestatu zuena.

ETB1eko Sukaldarien liga lehen aldiz egin dute aurten. Urtarrileko bigarren astean hasi ziren ematen, eta 50 lehiakide hasi ziren programan. Ainhoa Etxebarriak egin ditu aurkezle lanak. Epaimahaiko kideak hauek izan dira: Javi Rivero, Tolosako (Gipuzkoa) Ama jatetxearen jabe eta 2023ko sukaldari berririk onena; Maider Larrañaga, Arrasateko (Gipuzkoa) Arteaga jatetxearen jabe eta sommelierra; eta Aitzol Zugasti, Basque Culinary Centerreko trebatzaile eta AZko aholkulari gastronomikoa. Goiz da jakiteko programak bigarren denboraldia izango duen ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.