HIZKUNTZA GUTXITUETAKO HEDABIDEAK (V)

Maoriera biziberritzeko

Hamalau urte dira Maori TV telebista sortu zutela: emankizunen eta sareko edukien %71 maoriera hizkuntzan egiten dituzte. Zeelanda Berriko herritar guztiei maorien kultura zabaldu nahi diete.

Maori TV telebistako Ahikaroa saio elebidunaren protagonistak. PATI SOLOMONA TYRELL.
urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Ma ratou, ma matou, ma koutu, ma tatou». Maori TV telebistaren leloa da. «Haientzat, guretzat, zuretzat, edonorentzat». Enpresa independente batek egindako ikerketa baten arabera, telebistaren ikusleak askotarikoak dira: maoriak eta maoriak ez diren Zeelanda Berriko herritarrak. Izan ere, Maori TVko komunikazio manager Charmaine Ngarimuk nabarmendu du Zeelanda Berriko herritar guztientzat interesgarriak izan daitezkeen edukiak eskaintzen saiatzen direla. «2014an sortu genuen telebista, eta urteotan gure estrategia inklusibotasunean oinarritu da, maorien kultura konektatzeko Zeelanda Berriko herritar guztiekin», azaldu du Ngarimuk.

Maoriera hizkuntzan badaude irrati batzuk, baina ikus-entzunezko edukiak emititzen dituen bakarra da Maori TV. Telebistakbi helburu nagusi ditu, epe luzera: hizkuntza maorieraren biziberritzean laguntzea eta telebista zerbitzu independente bat eskaintzea. «Zerbitzu hori garrantzitsua, eraginkorra eta eskuragarria izatea nahiko genuke», dio telebistako komunikazio arduradunak.

Horretarako, Maori TV hedabide multiplataforma askotariko edukiak zabaltzen saiatzen da: tokiko programak, kirol emanaldiak irekian, nazioarteko gaiekin lotutako programak, entretenimendua eta herritar guztientzako interesgarriak izan daitezkeen ekitaldien jarraipena.

Maori TVk bi kate eta webgune bat ditu(www.maoritelevision.com). Webgunea maorieraz edo ingelesez irakur daiteke. Ngarimuk iaz herritarrek kontsumitutako orduen datuak eman ditu: Maori Television kate nagusiaren edukiak ikusten 6.038 ordu pasatu zituzten erabiltzaileek; Te Reo bigarren kateko edukiak ikusten, 2.382 ordu, eta Interneteko edukiei begira, 2.113 ordu. «Ekoitzitako eduki guztien %71 maorieraz izaten da», zehaztu du.

Finantzaketari dagokionez, Zeelanda Berriko Gobernuarengandik hemeretzi milioi dolar jasotzen ditu urtean (11,10 milioi euro). Horrez gain, publizitateko sarrerak lortzen dituztela nabarmendu du telebistako komunikazio arduradunak.

«Merkatu oso lehiakorra»

Maori TVk egun 160 langile ditu. Honako sail hauetan daude banatuta: Operazioak; Edukiak —albisteak eta aktualitatea barne—; Arlo komertzial eta operatiboa; Jendea; Hizkuntza eta kultura; eta Finantzak eta administrazioa.

Ngarimuren iritziz, gaur egun Ozeanian eta nazioartean merkatua «oso lehiakorra» da. «Mundu mailan lan egiten duten talde handiak digital first estrategiari [lehenbizi digitalean] ari zaizkio lehentasuna ematen, hedabideen kontsumorako». Testuinguru horretan mugitu beharra dutela aitortu du: «Maori Televisionek eskaintza sendoa egiten jarraitu behar du, gure publikoen beharrak asetzeko. Eta publiko horrek nahi duen unean eta nahi duen moduan ikusi behar ditu gure edukiak».

Ngarimuk azaldu duenez, ikusle askok deitzen dute telefonoz edo idazten dute telebistara esateko programekin gozatu egiten dutela. «Oso esker onekoak dira gure ikusle asko».

Ikusleak gogobetetzeaz batera, Ngarimuk berebiziko garrantzia ematen dio maorieraren alde lan egiteari: «Badaude beste hedabide batzuk maorieran, baina gurea da telebista bakarra, eta Maori TVren rola funtsezkoa da maoriera hiztunen komunitatearentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.