Makusi Gabon Festa ikuskizun ibiltaria antolatu du EITB taldeak datozen egunetarako. Makusi gazte eta umeentzako unibertsoak ekitaldi bereziak prestatu ditu familia osoarentzat. Emanaldiak Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzte: igande honetan, Bilboko Euskalduna jauregian, 17:30ean; hilaren 22an, Iruñeko Baluarten; urtarrilaren 2an, Gasteizko Europa jauregian; eta urtarrilaren 3an, Donostiako Kursaalean.
Makusi streaming plataformako pertsonaia ezagunek hartuko dute parte bertan: Potx eta Lotx pailazoek, Xabi Sound eta Izaskunekin batera, hainbat gorabehera, abentura eta bizipen eramango dituzte oholtzara. Ohi legez, umorea, musika eta dantza ez dira faltako; oraingoan, gabon giroan murgilduko dira.
Aurten, Potx eta Lotx pailazoek Gabonetako festa egin behar dute, baina arazoren bat izango dute antolaketan. Horregatik, Makusi unibertsoko gainontzeko partaideei laguntza eskatuko diete: Power Up, Go!azen, Kalaxka eta Irabazi Arte telesailetako pertsonaiek hartuko dute parte, baita Ztanda musika lehiaketako partaideek ere. Ezustekoz beteriko emanaldia izango da.
Bestalde, datozen asteotan, Gabonetako edukiontzi ibiltariak jarriko dituzte Donostian, Iruñean, Bilbon eta Gasteizen. Fotomatoi txiki bat ere egongo da edukiontzian, familiarekin edo lagunekin argazki bat atera eta oroigarri gisa etxera eramateko.