Makusik 48.000 harpidedun erakarri ditu lehenengo urtean

EITBren haurrentzako plataforman 840.000 ordu baino gehiago kontsumitu dira lehen hamabi hilabeteetan. Maiatzean, 'Mari sorgin ehiztari' telesaila eta 'Ameslarien banda' txotxongilo saioa estreinatuko dituzte.

Makusi jaiaren irudi bat. Urrian egin zuten, Barakaldoko BECen. EITB
Makusi jaiaren irudi bat. Urrian egin zuten, Barakaldoko BECen. EITB
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 28a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Larunbatean bete zen urtebete EITBren Makusi streaming plataforma martxan jarri zutenetik. Balantzea «oso ona» dela adierazi du Nerea Zendoia Makusiko zuzendariak. Eta lehen urteko datuak horren erakusgarri dira: 48.000 harpidedun baino gehiago erakarri dituzte plataformara; 30.000 neska-mutiko baino gehiago egin dira Makusi klubeko kide; eta ia 40.000 lagunek parte hartu dute familientzako ekitaldietan.

Kontsumitzaile datuak ere nabarmendu ditu Zendoiak: lehen hamabi hilabeteetan, haur eta gaztetxoek 840.000 ordu baino gehiago kontsumitu dituzte Makusi plataforman. «Euskaraz eta ingurune seguru batean», nabarmendu dute EITBko arduradunek. Makusin erregistratzea eta plataformako edukiak ikustea doakoa da, gainera.

Makusiko erabiltzaileek Go!azen eta Irabazi arte telesailak, Dragoi bola, Txakur patruila eta Miragarri: Ladybug eta Cat Noirren abenturak marrazki bizidunak eta Potx eta Lotx pailazoen saioak ikusi dituzte hilabeteotan, besteak beste.

Bestalde, EITBko arduradunek garrantzia ematen diote komunitatea sortzeari. Makusi klubak 30.733 kide ditu gaur egun, eta kopurua etengabe ari da handitzen. «Zalantzarik gabe, euskarazko doako eduki eta eskaintza onenaren inguruan komunitate sendoa sortu du Makusik, jaio eta denbora gutxian, eta horren adierazgarri da txikienentzako ekitaldien arrakasta», esan dute EITBko arduradunek.

Makusiren lehen urteurrena ospatzeko, festa berezia antolatu dute ikastetxeekin etzirako. EITBren Bilboko egoitzan egingo dute jai hori, 11:00etan. Potx eta Lotx pailazoak han izango dira, baita Makusi unibertsoko hainbat protagonista ere. Ezustekoak ere iragarri dituzte.

Bi ekoizpen berri maiatzean

Apirileko ospakizunen ostean, Makusi plataformak bi ekoizpen propio estreinatuko ditu maiatzean: Mari sorgin ehiztari telesaila eta Ameslarien banda animazio birtualarekin landutako txotxongilo saioa.

'Mari sorgin ehiztari' telesaila.
'Mari sorgin ehiztari' telesaila maiatzean iritsiko da Makusira. A FILM TO KILL FOR

Euskal mitologiarekin lotura izango duen fikziozko telesaila da Mari sorgin ehiztari. 10-14 urte arteko neska-mutikoentzat pentsatua dago. Institutu bateko gazte batek Mari pertsonaiaren botereak ditu, eta mundua salbatzeko lanean ariko da. Deabruei, sorginei, munstroei eta bestelako pertsonaiei egin beharko die aurre. Umorea, abenturak eta naturaz gaindiko ahalmenak uztartzen dira telesailean. Hamabost minutuko zortzi atal izango ditu.

Ameslarien banda, berriz, txikiagoentzat pentsatua dago: 3 eta 6 urte arteko haurrentzat. Hiru iratxo dira saioaren pertsonaia nagusiak: itsasontzi batean ibiliko dira, lurraren gainetik, lainoen gainetik, eta umeen ametsak zaintzen. Periskopio batetik arazo bat antzematen dutenean, alarmak joko du, eta hori konpontzea izango dute misioa. Hiruzpalau minutuko hamar atal izango ditu, eta atal bakoitza abesti batekin amaituko dute. Musika zuzendaritza eta abestien ardura Nerea Urbizurena da —Ene Kantak—. Saioak entretenimendu ludiko-didaktikoa du oinarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.