Larunbaterako oso ekitaldi berezia antolatu du EITBk Bilboko bere egoitzan: Dragoi Bola animaziozko saioaren maratoia egingo du, 16:00etatik 21:00etara. Ekitaldia ez da kasualitatea, modu horretan iragarri nahi baitu Makusi haurrentzako plataformak Dragoi Bola-ren atalak sareratuko dituela. Egun horretan bertan, lehen hamabi atalak ipiniko dituzte doako plataforman, 20:00etan. «Dragoi Bola hasiera-hasieratik emateari ekingo diogu», iragarri du Nerea Zendoia Makusiko arduradunak. Multibox aretoan, 250 pertsonarentzako tokia egongo da —izena eman daiteke oraindik—.
Larunbatetik aurrera, hurrengo asteetan ostiralero hamabi atal ipiniko dituzte Makusi plataforman. Primeran plataforman ere jarriko dituzte, baina beti astebete geroago, Zendoiak iragarri duenez. «Esaterako, larunbat honetatik aurrera Makusin ikusgai egongo diren lehen hamabi atalak datorren asteko ostiralean [hilaren 24an] jarriko ditugu Primeran-en». Aurreneko asteetan Makusin ikusgai egongo diren atalak 1980ko hamarkadakoak dira; 1984an abiatu zuten anime hori Japonian. ETB1 katea 1989ko urriaren 4an hasi zen saioa ematen, euskarara bikoiztuta. Xabier Amuriza izan zen telesailaren itzultzailea; lehen bikoizketa zuzendaria Itziar Jauregi izan zen, eta gero, Seve Atencia aritu zen horretan —hark jarri zion ahotsa Son Gokuri lehen ataletan—. Teresa Eguskiza ere aritu zen bikoizketa zuzendari, geroago.
Apirilaren amaiera arte, lehen etapako Dragoi Bola-ren 150 atal inguru jarriko dituzte Makusi eta Primeran plataformetan. «Lehena bukatu ahala, hurrengo Dragoi Bola-k iritsiko dira. Gauzak horrela, maiatzaren hasieran helduko diogu Dragoi Bola Z Makusin emateari», azaldu du Zendoiak.
Azkeneko hilabeteetan, Dragoi Bola Super saioaren atalak euskarara bikoizten aritu dira —oraindik ezin dira ikusi ETBn—. Eta etapa horretako atalak —2015ean hasi ziren Japonian ematen— irailetik aurrera estreinatuko dituzte, Makusin lehenbizi, eta Primeran plataforman, gero. «Orain gutxi bikoiztu ditugu horiek».
Larunbatean, ezustekoak
Makusiko arduradunak argi du Dragoi Bola-k EITBren bi plataformetan egon behar duela: «Saioa erreferentea izan zen gure belaunaldiarentzat, eta aintzat hartu behar da eduki hori haurrentzat sortutakoa dela. Hortaz, Makusin badu lekua, haurrak ginela ikusi baikenuen guk. Sortzez Makusin egon behar du, baina 40 urteren bueltan gabiltzanontzat erreferentzia garrantzitsua da Dragoi Bola, eta horregatik Primeran-en ere egongo da».
Zendoiak azaldu du 1990eko hamarkadan Dragoi Bola ikusi zuen belaunaldiko zale asko espero dituztela Bilboko maratoian. «Garai bateko belaunaldiari keinu bat egin nahi diogu. Makusi Klubak antolatu du ekitaldia, baina ez dago klubeko kide izan beharrik maratoira joateko. Are gehiago, haurrez aparte, beste belaunaldi batekoak etortzea espero dugu. Haurrak ere etor daitezke, noski». Joseba Olagaraik aurkeztuko du ekitaldia, eta hainbat ezusteko izango direla iragarri dute. Photocall bat ere egongo da EITBren egoitzan.
Euskal Herrian, era berean, hizpide izan da Dragoi Bola azken boladan. Batetik, saioaren sortzaile Akira Toriyama iazko martxoaren 1ean hil zen, eta hainbat omenaldi egin zizkioten Toriyamari munduan barna. Bestetik, BERRIAk argitaratu zuen erreportaje baten arabera, ETB1eko entretenimendu edukien artean izarra izan zen garai batean, eta belaunaldi baten erreferentzia linguistikorik indartsuena. Horretaz jakitun, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen atarian, Dragoi Bola euskarara bikoiztu zutenak omendu zituzten Antzoki Zaharrean, urriaren 20an.
Euskomanga komunitateko kideak, bestalde, Dragoi Bola-ren komikiak euskarara itzultzen ari dira azkenaldian.
Ez litzateke harritzekoa izango Dragoi Bola-ren bueltako ekitaldi gehiago iristea Makusiko estreinaldiaren ondotik.