Makusi klubaren jaia egingo dute larunbatean, Barakaldoko BECen

Sarrera doakoa izango da, eta 11:00etatik aurrera askotariko ekitaldiak izango dira neska-mutikoentzat.

'Go!azen'-en 11. denboraldiko aktoreak. ETB
'Go!azen'-en 11. denboraldiko aktoreak. ETB
urtzi urkizu
2024ko urriaren 9a
05:00
Entzun

Apirilaren 26an, EITB taldeak Makusi plataforma sortu zuen. Horrekin batera, Makusi kluba eta Makusi unibertsoa ere jarri zituen abian talde publikoak. Larunbat honetarako, berriz, Makusi klubaren lehen jai handia antolatu dute. Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan egingo dute jaialdia, 11:00etatik aurrera, eta sarrera librea eta doakoa izango da.

Erakustazokako bigarren pabiloian mota guztietako jarduerak izango dituzte umeentzat eta gaztetxoentzat, 11:00etatik 17:00etara: zirku ikuskizunak, puzgarriak, ludoteka, irakurketa eta margotzeko txokoak, ipuin kontalariak, tailerrak, eskulanak, abentura parkea, ohe elastikoak... Proiekzio gune bat ere jarriko dute, haurrek Makusiko saioak ikus ditzaten. Jatekoa ere egongo da salgai.

Bestalde, Potx eta Lotx pailazoek antzerkia, dantza eta musika uztartuko dituzte agertoki gainean; Izaskun pertsonaiak haurrak lehian jarriko ditu askotariko erronka dibertigarriekin. Anepe Acedo eta Aritz Mendiola Kalaxka saioko aurkezleek ere hainbat erronka proposatuko dituzte —Makusin dago ikusgai—.

ETBko Irabazi arte telesailak bere txoko propioa izango du. Horrez gain, futbolinean aritzeko aukera izango da, eta giza futbolina ere antolatuko dute. Power Up gunean, bestalde, bideojokoetan aritzeko makinak egongo dira —Makusiren fikzioarekin lotuta egongo da, edonola ere—.

Aurrestreinaldiak

Bizkaia Arenako pantaila erraldoian, berriz, Go!azen telesailaren denboraldi berriko lehen atala proiektatuko dute, 17:30ean. Atal horren aurretik, Power Up Makusi plataformako saioaren bigarren denboraldia aurkeztuko dute. Go!azen-en aurrestreinaldi hori ikusteko, sarrerak erosi egin behar dira. ETB1 azaroan hasiko da 11. denboraldia emititzen.

Makusiren 'Power Up' saioa.
Makusiren 'Power Up' saioa. EITB

Jaian bertan zozketa berezi bat ere jarriko dute martxan, Go!azen-en pertsonaien ilustrazio «esklusiboak» lortzeko. Jaira joaten diren guztiek izango dute parte hartzeko aukera, eta telesaileko aktoreek han bertan banatuko dituzte sariak.

Babesleen txoko bereziak ere izango dira erakustazokaren bigarren pabiloian. Esate baterako, Kaiku Baserria ezagutu ahalko da. «Haurrak baserritar baten azalean jarri ahalko dira». IHOBEk bi espazio izango ditu: Klima 360º izeneko gunean, tablet baten bidez, itsasertza klima aldaketara egokitzeko tresnak aurkeztuko dituzte; eta Klima Azokak esperientzia interaktibo bat proposatuko du, klima aldaketari aurre egiteko beharraz kontzientzia hartzeko.

Garbikerrek —Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik—bere gunea izango du. Bertan, planeta zaintzeko gonbita egingo diete familiei, birziklapenarekin lotutako jokoen bidez.

Jump Yard gunean, berriz, erakustaldi berezi bat egingo dute: akrobazia tailerra. Familia osoarentzat izango da jarduera hori. Gainera, Jump Yard taldekoek giroa alaituko dute, dantza eta joko bereziekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.