«Erdi Aroko fantasiazko mundu batean bizi da Maitexa. Egun batean, ispilu magiko bat deskubrituko du; hori piztu, eta jabetuko da beste errealitate batzuk erakutsiko dizkiola». Horixe kontatzen du Maitexa eta Miraila emankizunak. 30 minutuko hamar atalez osatutako haurrentzako eduki berria da, eta datorren urtean hedatuko du Kanaldude telebistak.
Teknologia berriak ardatz, naturarekiko atxikimendua, eskulanak, kultura eta musika uztartuko ditu telesail berriak. Proposamen berri horrekin, jakintza orokorrak partekatu eta eduki pedagogikoak hedatzea du asmo Kanaldudek.
Ekoizpen lanetan ari dira orain: maiatzean grabatu zituzten lehen lau atalak, Senpereko Larraldea etxean (Lapurdi). Datorren urtearen hasieran filmatuko dituzte geratzen zaizkien sei atalak. Istorioa Maryse Urruti antzezleak idatzitako gidoian oinarrituta dago; Urruti Itzuli antzerki konpainiaren sortzailea da. Maitexa pertsonaiari Maiana Etxeberrik ematen dio bizia, Parisko Arte Drama kontserbatorioan trebatutako antzezle gazteak.
Maitexa eta Miraila Kanaldude telebistan ikusi ahal izango da, baina baita Ipar Euskal Herri inguruko telebistetan ere: Orange 358 katean, Bouygues 339 katean, Free 948 katean eta SFR 496 katean. Gainontzekoek Kanaldude.eus web atarian zuzenean zein beste edozein momentutan ikusteko aukera izango dute, baita sakelako aplikazioaren bidez ere.
Eduki gehiago
Maitexa eta Mirailaz gain, Kanaldude telebistak eduki berri gehiago iragarri ditu irailerako, denboraldi hasierarako.
Atzo Begi Erreak film laburra estreinatu zuten —halere, telebistaren webgunean ikus daiteke, nahieran—. Kanaldudek berak ekoitzi du Azkarateko (Nafarroa) Frank Harrietek zuzendu duen bere lehen film laburra. Sinopsiak honela dio: «Luis bakar-bakarrik da etxe handi batean. Ez du ezertarako gogorik. Bat-batean, doinu batek oroitzapen batzuk ekarriko dizkio burura».
Gaur gauean, 20:00etan, Xixtuka Kolegioak Kantuz musika emanaldia eskainiko dute. Joan den maiatzaren azkenean egin zuten emanaldia Iparralai eskola musikak, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioak, Baigorriko Jean Pujo kolegioak eta Zitadelako kolegioak, Baigorrin (Nafarroa Beherea).
Asteartean, 19:00etan, Harri Salda talk show-ren denboraldi berriko lehen atala igorriko dute. Battitt Crouspeyrek gidatuko du, eta gonbidatuak izango ditu saioan.
Astelehenetan, hitzaldiak emango dituzte; astearteetan, Harri Salda edo Herenegun saioak; asteazkenetan, telesailak; ostegunetan, dokumentalak; ostiraletan, musika; larunbatetan, fikzioak; eta igandeetan, eduki ikusgarriak. Eduki batzuk bi astez behin izango direnez, gai anitzi buruzko erreportajeak tartekatuko dituzte, eta bestela ere edukiak errepikatuko dituzte. Guztiak izango dira webgunean eta aplikazioan, nahi bezala ikusteko. Eguberrietara begira programazio berezi bat egingo dutela ere aurreratu dute.
Telebista kateak fikziozko filmak aurkezteko deialdia egin zuen iaz. Bada, Lehergailu termobarikoa filma hautatu dute irabazle gisa. 2008. urtean Segi gazte erakundeari egindako azken sarekada kontatzen du.
France Bleu-n tarte bat izango du telebistak
Kanaldudek tarte bat izango du France Bleu irratiak Euskal Herrian igortzen duen seinalean. Bi astetik behin, asteazkenetan, Kanaldude telebistaren «barneko eta inguruko» gaiez hitz egiteko tartea izango dute. Lauzpabost minutuko tartea izango da, euskaraz. Lehen hitzorduan Xexili Foix kazetariak Mattin Troitiño Kanaldudeko komunikazio arduraduna elkarrizketatu du, eta, aurrerantzean, Kanaldudeko edukiekin zerikusia duten pertsonek egingo dituzte ekarpenak.